Ikasleen festa eta jubilatuentzat ikastaroa, AEKren ikasturte berrirako

Erabiltzailearen aurpegia

Azkoitiko AEK ikasturte berriari ekiteko prest da. Aurtengoan, hainbat berrikuntza izango da: urteotan ikasle izan direnak elkartzeko festa egingo dute hilaren 14an, eta jubilatuentzat doako ikastaroa izango da irailaren 17an. 

Zu hemen zaude, AEK ere bai leloarekin hasi du matrikulazio kanpaina AEK-k. Edonon zaudela ere, bertatik bertara duzulako AEK-ren euskaltegi bat, 100 euskaltegi baino gehiago daudelako Euskal Herri osoan; eta horietako bat Azkoitian dago. Azkoitiko AEKn, urtero bezala, euskara praktikoa ikasi eta lantzeko aukerarik onena eskainiko dizugu, eta lortuko duzu etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan-egoera hobetzea, bilatzen ari zaren euskara-maila eskuratzea; A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 (online). 

Azkoitiko AEKn, zure eskariari erantzungo dion eskaintza aurkituko duzu: eskolak euskaltegian, autoikaskuntza, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, AIZU! Aldizkaria... 

Irailak 14, Azkoitiko AEK-ko ikasleon festa

Aurten, ikasturtea festa batekin hasiko dute Azkoitiko AEK-ko kideek. Azkoitiko AEK-k 11 urte egin dituela aitzakia hartuta, urte hauetan guztietan ikasle izan direnak elkartuko dituen festa antolatzen ari dira, hamaika ikasteko jaioak gara lelopean. Ikasleon festa bada ere, herritar oro gonbidatuta dago jaira. Hauxe izango da egitaraua:

Goiz osoan zehar, sentimenduen txokoan idazteko aukera.

11:00etan. Mintzodromoa plazan (izena eman behar da, irailaren 11 baino lehen)

12:30ean. Kidam magoaren saioa Kontzejupen

12:00etan. Paella lehiaketa Berdura Plazako arkupeetan (izena eman behar da, irailaren 11 baino lehen).

14:30ean. Bazkaria.

Irailak 17, euskara eskola doan jubilatuentzat

AEK-ko eskolak nolakoak diren probatu nahi duten jubilatuek aurten horretarako aukera izango dute, eta gainera, doan. Izan ere, irailaren 17an, 11:00etan hasita, eskola ordu bat eskainiko dute Plaza Ondo jubilatuen elkartean. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da jubilatuen elkartean bertan edo Azkoitiko AEKn.

Informazioa gehiagorako, zatoz gure bulegora: Kultur Etxeko 4. solairuan aurkituko gaituzu, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Honako hauek dira gure telefonoak eta helbide elektronikoa: 943-15 10 89 eta 607 61 26 97, eta azkoitia@aek.eus.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide