Txutxu-mutxuen euskarazko aldizkaririk irakurriko zenuke?

Erabiltzailearen aurpegia AEK 2015ko uzt. 8a, 09:00
Azkoitiko AEK-ko arratsaldeko B2-ALFA taldea

Euskarazko hedabideak asko eta askotarikoak dira, eta lan eskerga egiten dute euskaldunoi informazioa euskaraz helarazteko. Alabaina, hutsuneak antzematen dira. Horietako bati erreparatu zion Goizalde Landabaso kazetariak Berriako zutabe batean. 

 

Zehazki, txutxu-mutxuen aldizkari baten beharra nabarmendu eta ezinbestekotzat jo zuen euskal celebrityei buruzko “albisteak” lantzea, hutsaltasunaren bideak ere egokiak izan daitezkeelakoan euskara bultzatzeko: bertsolarien maitakeria kontuak, euskal musikarien sexu aferak, maitale ezkutuarekin Durangoko Azokan in fraganti harrapaturiko idazlearen argazkia, ETB1eko aurkezleen janzkeren azterketa, euskaltzainen parrandak... Zer kontatua sobera izango litzateke! Irakurriko zenuke horrelako aldizkaririk? 
Azkoitiko AEK-ko arratsaldeko B2-ALFA taldea 

1. Lourdes

Ez ditut txutxu-mutxuak gorroto, baina ez nuke zentimorik ere gastatuko horrelakoetan. Ile-apaindegian baino ez ditut irakurtzen. 
2. Bizen

Jende ospetsua ez zait asko axola, baina herriko ezagun eta auzokideen inguruko txutxu-mutxuen herri aldizkaria bai, hori irakurriko nuke! 
3. Manolo
Ni ez naiz horrelako aldizkarien zalea. Baina euskaraz irakurtzeko eta euskarari bultzada emateko balio badu, onartuko nuke. 
4. Luis

Nik bai. Argitaratzen diren guztiak ezagutzen ditut eta, euskalduna argitaratuko balitz, hura ere irakurriko nuke. Ziur nago ezetz esaten dutenek ere irakurriko luketela.
5. Agustin
Celebrityen bizitzari buruzko aldizkari asko daude. Nik politikarien bizitzaz jakin nahiko nuke gehiago. Bereziki, beraien egunerokoan betetzen dituzten zereginei buruz.
6. Javier
Nik, irakurri baino, nahiago dut aldizkarian lan egin, paparazzi. Gainera, horrela, bertatik bertara ikusiko nituzke pertsonaia ospetsuak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide