Kulturaren birikak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Beristain 2019ko ira. 29a, 10:00
(Argazkia: Soma Cult taldea, Matadeixen).

Ainhoa Beristainek abuztuko Maxixatzen aldizkarirako egindako 'Hileko argazkixe': 'Kulturaren birikak'.

Uztailean 20.000 lagun, mendi batean, talde euskaldun baten inguruan egoteak zer esana eta zer pentsatua eman du.

Horrelako ekitaldi bat sortzera iristerako zenbat taberna, gaztetxe eta kultur ekintza zapaldu ote dituzten… zenbat jenderen –askotan boluntarioren– lana ote dagoen hainbeste urtetako ibilbidean…

Igande batean hainbeste jende, eta ostiral edo larunbatetan askotan, edozein lekutan, kultur ekintzek 10 bat ikusleren begien aurrean antzezten dute. Tokian tokiko eta betiko ikusleen aurrean.

Batak ez du bestea kentzen. Eta Kobetamendin gozatu nuen moduan gozatzen dut Matadeixen, taberna zuloetan, kaleetan eta abarretan. Ez baitzen Berri Txarrakik izango, horrelako beste ekintzarik gabe. Bidea egiten lagundu dieten hainbeste leku gabe.

Ez dezagun ahaztu zeintzuk diren kulturaren birikak. Nork mantentzen duen haria, eten ez dadin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide