Euskaraldiko igande arratsaldea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2023ko ots. 3a, 14:55

Aitor Arrutik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskaraldiko igande arratsaldea'.

Azkoititik hogei bat kilometrora, gure gazteek jokatu zuten kirol ekitaldiak elkartu gintuen, gutako batzuk Euskaraldiko txapa paparrean geneukala. Kirol instalazioaren barruan taberna zegoen, eta hara joatea erabaki genuen. Abdul ikusi nuen harmailetan eserita, gure taldeko guraso bat. Harengana jo nuen, hotz hezea astintzeko gurekin etorri nahi al zuen galdetzera. "Arratsalde on", erantzun zidan irribarretsu, eta baietz esanez hurbildu zitzaidan.

Jende pixka bat zegoen tabernan, guraso jendea inondik ere, zein bestela igande arratsaldez han, eguraldi harekin. Hotza izan genuen aipagai, eta Abdulek hotza hitzak zer esan nahi zuen galdetu zigun, espainieraz. "Frío?", hori ote zen. Baietz esan genion, asmatu zuela, giroa epeltzeko moduko aldartean. Gure taldeko beste guraso bat eseri zen ezkerreko mahaian, eta Abdulek kafea atera zion, ongietorria arabieraz egin ondoren; mahaiak elkartu genituen. Etorri berriari agurra onetsita, berriketan jarraitu genuen, barreak eta algarak nahasian, gehienok gure artean euskaraz, Abdulekin eta adiskidearekin espainieraz, umore ederrean.

Gure eskuineko guraso jendea ere, herrikoa bertakoa, aldarte onean ari zen kontu-kontari, espainiera hutsean haiek. Partida hastera zihoan unean, harmailetara jaistea erabaki genuen, nork bere taldea hurbiletik babestera. Etxeko taldea nagusitu zen jokoan hasieratik, nabarmen, baina horrek ez zuen harmailetako giro ona ez aldatu, ez gaiztotu. Laster konturatu ginen etxeko jokalariek zelaian elkarrekin hitz egiteko zerabilten hizkuntza gurasoek zelaitik kanpo erabilitako bera zela. Hitzik ere ez euskaraz. Gure taldekoak ziren zelaian euskaraz ari ziren bakarrak. Arbitroari hala zuzentzen entzun genituen, eta hark ere euskaraz erantzun ziela iruditu zitzaidan. Talde bakoitzaren aulkitxoa harmailen bestaldean kokatuta zegoenez, noizean behin soilik entzun zitekeen entrenatzaileek esaten zutena. Gure taldeko entrenatzaileen ahotsik ez nuen entzun, bertako taldekoena bai, behin baino gehiagotan, eta espainieraz ari ziren haiek ere.

Azken boladan, euskarak aldeko dituen hainbat ekimen egin dira gure euskal herrietan, Euskaraldia, Pantailak Euskaraz, Durangoko Azoka eta auskalo zenbat gehiago. Horiek guztiak beharko dira han-hemen euskara biziberritu, sendotu, indartu dadin. Dena dela, gure euskal herri hauetan gero eta euskara gutxiago hitz egitea gure ardura ere bada, eta hor geuk eragin dezakegu, euskaldun bakoitzak, inoren zain egon gabe, gurasoek batik bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide