Maiatzeko Lorak: Juan Madariagaren hitzaldia Matxinada garaiaz

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko mai. 18a, 06:22

Maiatzeko Loren baitako hurrengo hitzaldia izango dugu gaur Torre Zurin 19:00etan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko Juantxo Madariaga irakaslea izango da hizlari, “XVII. eta XVIII. mendeko matxinadak: ikuspegi soziala” gaiaren inguruan.

 

Azken mendeetako gizarteak sakon aztertuak ditu Madariagak, eta baita garai horietan heriotzaren inguruko hainbat kontu ere. Horiek guztiak uki ditzake biharko hitzaldian, eta zenbait galdera egin dizkiogu aldez aurretik:

-Matxinadak eragiteko, zer ezaugarri izan zituen oro har bi mende horietako gizarteak?

Oligarkiak erakundeak kontrolatzen zituen. Beraz, herriko klase ezberdinek, politikan parte hartzeko aukera gutxi zuten. Lurraren jabetza lortzeko sarbide murritza zen. Sistema fiskala, aldiz, bidegabea. Monarkia, errekurtsotan urria zen, eta presio fiskala handitzen saiatzen zen; askotan Foruetan ezarritakoaren aurka.

-Zerk baldintzatu zuen gizarte maila bakoitzak Matxinadetan parte hartzea?

Matxinada bakoitzean faktore bat edo hainbat desberdin izaten dira eragile, baina orokorrean hauek ziren baldintzak: monarkiak ezarritako presio fiskala, handikien espekulazioa eta kargu publikoen kontrola, elizgizonen portaera…  

-Emakume zein gizonezkoek parte hartu zuten. Nola banatu zen parte hartzea?

Orokorrean badirudi emakumeek protagonismo handiagoa zutela, zurrumurruak hedatzen eta giroa berotzen gizartean eragiteko. Gizonek, berriz, ekintza bortitzak burutzen zituzten. Baina ez beti; kasu batzuetan (Hazparneko 1784ko erreboltan edo tabakoaren matxinadan Lapurdin 1773an, adibidez), emakumeak gatazkako lehenengo lerroan zeuden. Orokorrean, emakumeak protagonismo handiagoa izan zuten Iparraldeko gatazketan Hegoaldekoetan baino.   

-Desberdinak izan al ziren hemengo matxinadak eta Europan zehar izandakoak?

Ez, ez ziren oso desberdinak. Zergatietara begiratuta, leku guztietan prezio altuen, espekulazioaren, presio fiskalaren eta nekazarien bizitza-baldintza txarren aurkako erreakzioak dira.  Horrela, 1675ean Frantzian gertatu zenak, Bretainiatik Bordelera zerga berrien (batez ere zigilatutako paperen) kontra eginez, edo 1775eko “Irinaren gerran” gertaturikoak, ez dute desberdintasun handirik euskal matxinadetan gertaturikoarekin.

Halere, badago desberdintasun bat: Europan gertatu ziren erreboltak oso odoltsu eta bortitzak izan ziren; hemen, ordea, 1661eko Matalazen errebolta izan ezik, beste matxinadak historialari frantziarrek “émotions” deitzen dutenetarikoak izan ziren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide