Kirola, jolasa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko mai. 12a, 07:46

Edozein jolas lekutan, edozein guraso bere buruari galdezka has daiteke. Umeek ikasi beharrekoa ongi ikas dezaten, jolasa al da baliabiderik egokiena? Hala diote han-hemen egindako azterlanek. Ados egon gaitezke, bai, baina non hasten da jolasa? Non bukatzen da? Noiz bihurtzen da jolasa joko, esate baterako? Ondo pasatzea irabazi behar bihurtzen denean, nonbait.

 

Inondik ere, beharraren lurraldean hegan egiteko aire zabalik ez dago, eta lumak galtzen hasten dira umetako hegoak. Orduan, zurrun bihurtzen dira lehenago malgu ziren gorputz-adarrak, enbor bilakatzen da gorputza, eta sustraiak jaiotzen zaizkigu gorputz-enborretik: jolasik gabeko lurpera katigatzen gaituzte beharraren lurraldean.

Jolasak jolas, jokoak joko, pilota partidak jokatzen hasi berri dira gure umeetako batzuk, bikoteka. Elkar zirikatzen hasten dira haurrak askotan, irabaztearen eta galtzearen inguruko norgehiagokan. Guztiek irabazi nahi dute, baina batzuei besteei baino gehiago axola zaie galtzea; nork bere inguruan ikasitakoaren arabera.

Pentsatzeko gaia jarri digu ikusi dugun partida batek. Bikote bateko bi kideak emozioz gainezka ibili dira lehia osoan, poz keinu nabarmenez, barrez askotan. Halaxe ospatu dituzte eskuratutako tanto bakarrak: bi besterik ez. Aldiz, irabazleek gailentzea espero zuten, dena normala iruditu zaiela dirudi, ez dute poz nabarmenik azaldu, ez tantoak egindakoan, ez partida irabazitakoan.

Eta beste galdera bat erne zaigu: geuk nahi dugunean uzten al diogu jolas egiteari?

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide