maxixatzen.eus

Erakusketa eta Iñigo Aranbarri idazlearen hitzaldia gaur: "1766ko matxinada, kultura eta umorea"

Erabiltzailearen aurpegia   Euskara

Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak elkarlanean antolatuta, Azpeitiko Udalaren babesarekin, Iñigo Aranbarri idazlearen hitzaldia izango da gaur, hilak 10, Torre Zuri aretoan 19:00etan, Maxixatzenen Maiatzeko Loren baitan. Era berean, Gariaren matxinadari buruzko erakusketa ere zabalduko da gaur, eta ikusgai izango da bertan hilaren 22ra arte.

 

Hitzaldia dela eta, elkarrizketa laburra egin diogu idazle azkoitiarrari:

 

- Matxinada ardatz duen Apirila nobela idatzi ondoren, garai hartako umorea aztertzeko saiakera ondu duzu: Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna. Zerk bultzatu zaitu?

Bi gertaera garrantzitsu fortunatzea Azkoitian urte eta erdiko tartean: alde batetik Peñaflorida kondearen El borracho burlado operetaren aurrestreinaldia (1764), eta bestetik matxinada (1766). Nekez uler liteke bata bestea gabe. Elkarren ondoan jarrita, deigarria egiten da orain dakigunaren krudelkeria.

 

- Erabiltzen dugun umoreak askotan geuk uste baino gehiago deskribatzen gaituela esango zenuke?

Dudarik gabe. Gauza gutxi umorea baino deskribatzaileagorik. Umorea deitzen dugun hori askotan bestearen gutxiespenean oinarritzen da, izan arraza, genero, hizkuntza, edota nola ez, klase. Goitik beherakoa izan ohi da sarritan, menostuaren kontura barre egitea umorerik merkeena izan ohi da.

 

- Desberdinak al dira garai hartako umorea eta gaur egunekoa?

Oinarrian ez dut uste askorik aldatu denik. El borracho burladon, mozkorra den aitzakian, jende bajuari egiten zaio burla. Eman begiratu bat gure umore saioei telebistan, esaterako. Noren lepotik eginarazten digute barre?

 

- Zer ideia azpimarratu nahiko zenuke hitzaldian?

Gure ilustrazioak, hain bide erakusle beste hainbat arlotan, ankerkeria larriz jokatu zuela herri xehearen kontra, izan maila sozialean, ekonomikoan, eta esan dudan bezala, baita burla-antzerkian ere.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Azpeitiko udalaren laguntzaz Azkoitian sorburu izan zuen Matxinadaren berri umorea tarteko. "El borracho burlado"-n itxura du udal honek, baina mozkorraren paperean alkatearen ekipo osoa jarriko nuke eta herria haien bizkar farrez lehertzen.
Bereak diren efemeride eta memoriak zaintzen ez dituen herriak akatsak errepikatzen omen dituela entzuten dugu egunero bazterrotan, gogoratu egin behar omen ditugu baina soilik hurbil daudenak, oraindik mina ematen dutenak, oraindik irekita jarraitzen duten zauriak.
Botereak azkar isten ditu zauriak ordea, komeni zaizkionak. Garai hartatik hona zerbait aldatu al da mundu ikuskera hori Azkoitian? Zergatik ez du udalak laguntzen ekimen honetan? Zeren beldur da? Zalduntxo gehiegi bazterrotan gauza onerako?

Erantzuna | #2

Esanguratsue oso Azkoittiko udalak ez babestie ekimen hau. Noizbait zalduntxun inguruko benetako istorixere jakin berko deu. Aurreko legealdixene etzeben ezerre ein horren ingurun. Caballeritun ingurun parafernalia danak antolatu, eztakit zenbarren urteurrenakin dirutzie gastau, ta matxinadien inguruko ezerrez kontau herrixei ... klasik eta klasik daude, beti bezela ....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa