Euskararen Eguneko Manifestua (segidilla doinuan abestua)

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko abe. 3a, 10:40

Joan den azaroaren 25ean bete ziren ehun urte Albert Einstein fisikariak erlatibitatearen teoria orokorra argitaratu zuenetik. Ordura arte balio finkotzat hartzen ziren espazioa eta denbora, eta balio erlatiboak izango ziren harrez gero; horiek neurtzen dituenaren araberakoak, nolabait esateko.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna dugu gaur, eta fisikan bezalaxe hizkuntzen artean ere badirudi mintzaira batzuk finkoak direla, beti izan direla nagusi eta etengabeko hegemonia dutela gure euskara bezalako hizkuntza txikien aurrean. Hori ere erlatiboa da, ordea.

Gure espazioan eta denboran dugu aukera egiaztatzeko atsegin ez ditugun finkotasunak irauli ditzakegula. Gaur bertan has gaitezke, gure herrian, oraintxe bertan, ehun urte barru ere hizkuntzen altxorra gordetzea egokia izan zela berretsi dezaten.

 

EUSKARAREN EGUNEKO MANIFESTUA

(segidilla doinuan abestua)

 

Hogei urte ia badira

gazte batzuen distira

hasi zela indar hartzen

sortu zuten Maxixatzen

egiteko euskaraz

normal eta ganoraz

zenbat kontu harrez gero

hotz, fresko, epel ta bero,

ezin bazkiderik gabe

bidelagun ta zutabe

orain behar gehiago

zortzirehun bat nahiago

euskararentzat aldarri

gogo, arnas ta eztarri

Maxixatzenen herriak

hitzak ditu aberriak

barrenetik kanpora

idatzitik ahora

mundua aberasteko

zazpi egunez asteko

euskaraz jarrai dezagun

Maxixatzen dugu lagun

izan zaitezke bazkide

euskararen adiskide

behar badiogu ekin

hobeto elkarrekin.

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide