Zibilizatuak eta barbaroak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko aza. 4a, 10:23

Hasi dira lehenengo hotzak Bretainia aldeko kostaldean. Errefuxiatu jendea kanpamentuak prestatzen ari da, Britainia Handian sartzeko itxaropenaren argitan, handik eta hemendik babeslekuak osatzeko materialak inguratuz. Haietako batzuk Banksy artistak eskaini dizkie itxi berria duen bere Parketik.

Eta ekintza hori titular bihurtu da, akabo ba bestela.

John Gray filosofo politikoak honako hau adierazi zuen orain dela gutxi: "Mendebaldeko herrialdeetan azken hamar edo hogei urteetan ideia bat asimilatu izan da: tirania bat eraisten bada, diktadore higuingarri bat kentzen bada, askatasun handiagoa izango da. Baina hori ez da horrela, eta gertaerek baieztatu egiten dute. Emakume bat, gay bat edo erlijio-minoria bateko kide bat, askeago sentitzen al da orain Iraken Saddam Huseinen erregimenaren garaian baino? Nik ezetz uste dut".

Etorkizunari begira, aldiz, honako hau zioen eszeptikotzat jo ohi den pentsalariak: "Ez dut profeta izateko asmorik, baina uste dut eginkizuna zibilizazioa babestea dela, are zabaltzea ere bai, basakeria etengabe errepikatzen dela jakin arren".

Zibilizatuak eta barbaroak, menderatzaileak eta menderatuak, zintzoak eta gaiztoak, aukeratuak eta aukerakoak, gu eta besteak, besteak eta gu.

Bretainiara gerratik ihesi iritsitako hainbat irakiarrak izanik, pentsatzen lan handirik ez da egin behar orain zibilizatuak zein diren eta barbaroak zein jakiteko. Gezurraren jauntxo egiazkoek Iraken 2003ko udaberrian hautsi zuten ispiluan geure antzeko batzuk ikusiko ditugu beharbada.

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide