Gure historiako une erabakigarriak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko api. 22a, 07:36
Argazkia: Euskonews

Stefan Zweig idazle austriarrak 1927an "Historiako une erabakigarriak" liburua argitaratu zuenean, ez zekien erromatarrek gure kontinentea menderatu aurretik Izarraizpean bazela mundua bere hizkuntzan izendatzen zuen jende talde bat.

 

Zizeronek “Noiz arte, Catilina, abusatuko duzu gure pazientziaz?” esan aurretik, haiek bazekiten edateko behar zutena, besteak beste, ura zela.

Händelek Mesiasa idatzi baino lehenagotik ikasia zuten hemen hauetan elkarri kantuan hitz egiten, errimak osatzeko jolas ederrean.

Ozeano Atlantikoaren bi aldeetako jendea elkarrekin harremanetan jartzeko telegrafoa abian jartzerako, euskaldun guztiek zekiten txalapartaren ttakunak esan nahi zuena.

Scott eta Amundsen Hego Polora iristeko borrokan zebiltzala, euskaldun buruargiak konturatu ziren elkarrekin euskaraz komunikatzeak euren mintzairarentzako zuen garrantziaz.

Hori guztia eta askoz gehiago zekiten orain 19 urte Azkoitian euskarazko herri komunikabide bat abian jartzea pentsatu zuten lehen gazte haiek. Bide batez, gure historian emakumeei hizki handiz idatzitako lekua ematea ere erabaki zuten, Stefan Zweigek ez bezala.

Su batean ekin zioten lanari, eta lanak erregaiak adina iraun zuen, sua ia erabat itzali zen arte.

Nolanahi ere, jende talde batek nahi izan du su hartako azken ilintiari putz egin, haizea eman, garra atera, hura zaindu, atzera su bihurtu, erregaiz egoki hornitu eta Azkoitiko etxeak berotuko dituen sugarra euskaraz banatzea.

Ez zen Stefan Zweigen kontua, ezin zuen hainbeste jakin, hila zen Maxixatzen jaiotzerako, baina orain Azkoitiko euskaldunen historiako une erabakigarriak liburua idatzi beharko baldin balu, hizki handitan izkiriatuko luke gaurko eguna.

Maxixatzen herri komunikabidea aurkeztuko dute gaur Elkargunean zazpietan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide