Magnolioaren orriak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2015ko mar. 27a, 16:45
Mimosa eta sahatsa dira, inondik ere, hemen hauetan lehenengo loratzen diren zuhaitzak. Udaberriaren iragarleei, ordea, laster lotzen zaie Soulange magnolioa, eta magnolio horrenak dira niretzat lorerik dotoreenak.

 

Kolore arrosa-zuria, ale luzexkak, apaingarri finak nabarmendu dira aurten ere magnolioaren adarburuetan, zabaltzen zihoazen heinean. Kimua lore bihurtu, eta lorea irekitzen hasten denean, hegan hastera doan tximeletaren antza hartzen dute magnolioaren lore zoragarriek. Eta Azkoitian badugu beste inon katalogatu gabeko tximeleta berde-more bitxi bat, euskaraz bikain mintzatzen dakiena: Maxixatzen tximeleta.


Aspalditxo ikasi zuen hegan egiten, eta bere espezieari berezkoak zaizkion iraupen-tasak luzez gaindituta hamahiru urtez ibili zen maxixatuz hegaka herrian zehar, noiz hegada indartsuz, noiz hegal-kolpe ahulez.


Orain dela sei urte, ahulaldi gaitzean gertatu zen xomorro apaina, hegan egiteari uzteraino. Hegan egin gabe iraun du harrez geroztik, tximeleta izan aurreko krisalida izatera itzuli izan balitz bezala; bizirik, baina etengabe agertzeko bizitzarik ezean.


Aurten, ostera, Soulange magnolioaren lorea zabaltzerako indarberritu egin da Maxixatzen tximeleta-espezieko kide bakarra. Orain ekin dio Azkoitiko etxe guztietara eramango duen hegaldiari. Herritar guztion lana izango da indartsu jarrai dezan tximeleta elikatzen asmatzea.


Magnolioaren loreak eroriko dira, bai, udazkena baino askoz lehenago, baina bizi-izerdia zainetan zehar dabilkion bitartean, loretan lehertuko da magnolioa udaberriz udaberri.


Biziaren izerdia isurtzen jarraitzeko ahala gugan daukagu herritarrok. Euskararen magnolioa guk geuk elika dezakegu, bere lorearen orriek gero gure tximeleta, gu geu eta gure ondorengoak elika gaitzaten.

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide