Gutuna

Arnastea debekatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Agirrebeña Ubera 2021ko mai. 25a, 08:15

Aintzane Agirrebeñak honako gutun hau bidali du Maxixatzenera arnasketek duten garrantzia azpimarratzeko. Agirrebeñak dio garrantzitsua dela arnasketak egitea zenbait gauza lantzeko, baina maskarak zailtasunak sortzen dituela. Honako hau idatzi du:

Oierrek estrabismoa du. Lau-bost urte zituela, konturatu ginen, gauzei hurbiletik begiratzean, begiak elkarrengana gehiegi gerturatzen zituela. Hainbat mediku kontsultatu eta momentuz ebakuntza egitea baztertu ostean, optometristekin hasi ginen lanean. Orduan jo genuen urteetako esperientzia duen Jose Mari Argaluza optometristarengana. Bost-sei urte pasa genituen Getxora [Bizkaia] bueltaka. Begietako giharrak "entrenatzeko" ariketak egiteaz gain, beste hainbat jakintza ere transmititu zizkigun Argaluzak, tartean arnastearen garrantzia. Ameriketan ikasketa arautua duen rebirthingari buruz hitz egin zigun, eta bai lanean zein eskolan kontzentrazioa eta errendimendua lortzeko, arnasketak egitea zein garrantzitsua den azaldu zigun. 

Arnasa sudurretik beharrean ahotik hartzeak dakartzan arazoez ere jabetu ginen hainbat adituri esker (optometristak, rebirthingean adituak, dentistak, osteopatak eta bestelako terapeutak) eta estrabismoaz gain zuzendu beharreko beste zenbait kontu ere atzeman zizkioten Oierri (besteak beste, hiperakusia). Bestelako hainbat lanketa eta terapia egiteaz gain, urtebetez arnasketa lantzen ere jardun zuen Oierrek Aian (Gipuzkoa). 

Orain ez ahotik eta ez sudurretik. Umeei arnasa hartzen erakutsi beharrean, arnasarik ez hartzen ari gara irakasten. Arnastea debekatu diegu. Pentsa, Ekainek (8 urte ditu) behin esan zigun irakasleak zigortu egin zuela jolasorduan, aire librean, musukoa sudur azpian izateagatik. Oierrek betaurrekoekin ondo zapalduta eramaten du musukoa, betaurrekoak lausotu ez daitezen. Eta ez da kexatzen. Baina batzuetan hain beharrezko dituen betaurrekoak etxean "ahaztuta" joaten da eskolara. Eta zer leporatuko diot, bada, nik?

Isabel Celaá Espainiako Hezkuntza ministroak berriki esan du umeak (super)-heroi sentitzen direla musukoarekin. Aurtengo ikasturtean ez dela egon amigdalitisik eta bronkiolitisik (nahiz eta kasu bat baino gehiago ikusi dudan inguruan) eta "aparta" izan dela. Benetan? Eta zergatik kutsatu dira gutxiago umeak aurten, musukoa jantzi dutelako ala egoera honekin inor ez delako ausartzen (eta, bide batez, esan nahi nuke beti hala izan beharko lukeela) umeak erdipurdi edo erdi-gaixorik eskolara bidaltzen? 

Orain super-heroi direnak urte batzuk barru agian super-eri bihurtuko dira, ganorazko arnasketa gabeziak eragindako kalteen ondorioz (beste albo-kalte batzuk ez aipatzearren). Baina, horrek ez du inporta. Umeak beren aitona-amonak salbatzen ari dira eta horregatik dira super-heroi. Baina… ez ote litzateke alderantziz izan beharko? Izatekotan, ez ote lituzkete aiton-amonek salbatu beharko oraindik loratzen ari diren bilobatxoak?

Badakit nire jarduna batzuek ez dutela ulertuko, beste zenbaitek ez dutela onartuko. Ama naiz. Urte luzez jardun dut (eta jarraitzen dut) nire seme-alaben (eta batez ere Oierren) osasuna hobetu nahian, lan eta lan. Eta nekagarria da. Orain, berriz, seme-alabak etxetik musukoa jantzita irteten diren egun bakoitzeko zulo txiki bat egiten zait bihotzean. Eta hori are nekagarriagoa da. Eta datorren ikasturtean berriz?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide