Denis Valor, Aimar Garcia eta Erin Goenaga nagusi, Anai Xake Eskola Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko mai. 22a, 15:42
Erin Goenaga, partida batean.

Azkoitia-GXF Sustapena txapelketaren zonaldekora sailkatzeko proba baliagarria izan zen atzokoa. Bestalde, Anaitasuna Kakuteko kideek seigarren postua lortu zuten Beasainen jokatutako partida azkarren txapelketan.

Atzo, igandea, Anaitasuna Kakute xake taldeak XI. Anai Xake Eskola Txapelketa egin zuen. Azkoitia-GXF Sustapena txapelketaren zonaldekora sailkatzeko proba baliagarria izan zen atzokoa; izan ere, Azkoitia-GXF Sustapena txapelketa ekainaren 11n jokatuko dute hiru mailatan bereizita, Elkargunean.

20 urtez azpikoen mailan, Denis Valorrek irabazi zuen, Ane Arriolaren aurretik. 14 urtez azpikoan, berriz, Aimar Garcia nagusitu zen eta Lucia Valor sailkatu zen bigarren, sei puntura. 12 urtez azpikoen mailan, azkenik, Erin Goenagak Endika Garciak baino puntu erdi gehiago lortu zuen. Hamahiru lagunek parte hartu zuten atzoko proban, eta horietatik zazpi izan ziren neskak. Giro onean aritu ziren guztiak, eta ikasteko balio izan zien egunak.

Bestalde, Beasainen (Gipuzkoa) taldekako partida azkarren txapelketa jokatu zen. Manuel Paredesek, Jose Joaquin Larrañagak, Juan Cruz Fernandezek eta Erik Juezek ordezkatu zuten Anaitasuna Kakute, eta seigarren postua lortu zuten, 29,5 puntu bilduta. Fomento Culturalek irabazi zuen, Gros Gazteak eta Gros Beteranoak taldeen aurretik.

Datorren asteburuan, Urretxun (Gipuzkoa) Euskadiko Eskolarteko Jokoak jokatuko dituzte, eta Lucia Valorrek haurren mailan parte hartuko du. Aldiz, Maria Okudak alebin mailako proba jokatuko du. Biak ala biak txapelketa buru-belarri prestatzen ari dira azken egunetan klubeko begiraleek lagunduta; mugimenduko 55+5 segundoko erritmora ohitzen ari dira bi lagunak. Asteburuko txapelketako onenek Espainiako Txapelketara sailkatzeko balioko dute. Hain justu, Salobreñan (Espainia) jokatuko da txapelketa hori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide