Mailari eustea lortu du Anaitasuna Kakutek

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko mar. 20a, 09:45

Jaitsiera play-offaren azkenaurreko jardunaldian berdinketa sinatu dute azkoitiarrek Beraun Bera A-rekin, eta horrekin batera, datorren sasoian Gipuzkoako taldekako lehian maila gorenean jarraitzeko txartela.

Taldekako Gipuzkoako maila gorenean lehiatuko da Anaitasuna Kakute xake taldea datorren sasoian ere. Maila ez galtzeko borrokan, jaitsiera play-offa ari dira jokatzen Azkoitiko ordezkariak. Joan den asteburuan, fase horretako azkenaurreko jardunaldia jokatu dute, eta etxean Beraun Bera A taldearekin bina berdindu ondoren, azken jardunaldia jokatzeko dagoela dagoeneko lortu du bere helburua Anaitasuna Kakutek.

Jaitsiera play-offeko multzoan sailkapeneko lehena eta bigarrena lehiatu dira asteburuan Azkoitian, eta lehen postuan ziren etxekoek behar zuten puntua eskuratu dute. Beraun Berakoen kontrakoan, Carlos Sanchez irabazi egin zuen bere partida; urteak egin ditu Sanchezek, ikasketak eta bestelakoak tarteko, taldekako ligan lehiatu ezinda, eta taldeari puntu garrantzitsua eman dio itzuleran. Juan Carlos Valorrek eta Ion Kuendek berdinketa bana lortu zuten, eta galdu egin zuen Lucia Valorrek, bere mailatik gora arituta ere lan oso ona egin arren.

Azken berdinketa eta gero, jaitsiera play-offaren buruan jarraitzen du Anaitasuna Kakutek, 15 punturekin; azken jardunaldia osatzea besterik ez da gelditzen, eta sailkapenaren azken tokietan dauden Luzarok eta Idiazabalek ezin dute harrapatu Azkoitiko taldea. Horrenbestez, mailari eutsita, Tamarindoren aurkako azken jardunaldiko lehian sailkapenari dagokionez ez du ezer izango jokoan Anaitasuna Kakutek; ahalik eta maila onena ematea besterik ez, beti bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide