Zigor gogorra

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko urt. 29a, 17:13

Anaitasuna-Kakute xake taldeak Villabonaren aurka jokatu du Gipuzkoako Ligako hirugarren jardunaldia. Partida bat berdintzea lortu du, baina beste guztiak galdu egin ditu. Sailkapeneko zazpigarren postuan da taldea.

Atzo, larunbata, Gipuzkoako Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuen Anaitasuna-Kakute xake klubak, eta 50. urteurrena bete berri duen Villabonako talde indartsua etxean hartzea egokitu zitzaion. Talde sendoa ekarri zuen Azkoitira, puntu bakar bat ere ihes egiten ez uzteko, mailaz igo eta Euskal Ligara jauzi egiteko helburua baitu. Izan ere, liga horretan egon behar luke, pandemia osteko hanka-sartze administratibo batengatik izan ez balitz.

Oraingoan, Azkoitiko taldeko kapitainak atseden hartu zuen eta Juan Carlos Valor izan zen lehendabiziko partida lehiatu zuena, baina Aimar Alvarezek jarritako trikimailu batean erori zen, eta Xabi Ruizek ere galdu egin zuen Guijarrro indartsuaren kontra. Ion Kuendek, aldiz, sentipen onak berreskuratzeko aukera izan zuen Unai Iraolaren kontra partida on bat egin eta berdinduta, eta etxeko taldea hutsean ez gelditzea lortu zuen. Juan Cruz Fernandezek, berriz, aspaldiko partez partida ofizial bat jokatu zuen, baina hark ere galdu egin zuen Ernesto Fuenteren kontra. Azkoitiko taldea sailkapeneko zazpigarren postuan dago, lau punturekin,, eta datorren jardunaldia Idiazabalen jokatu beharko du. Idiazabal sailkapenaren bigarren postuan dago, eta Villabona, lehenengoan.

Jende dezente inguratu zen atzoko lehia ikustera, eta bertaratu zirenen gozatua hartu zuten partiden amaieran haien inguruan egindako analisiarekin. Alboko gelan, berriz, Internet bidezko partida azkarrak jokatu zituzten.

Zuzendaritzaren esanetan, "giro ona dago taldean eta bazkideak antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzen ari dira eta oso ongi pasatzen horietan". Asteburuko emaitzei dagokienez, azkoitiarrak saiatu ziren, baina ez ziren Villabonari garaitzeko gai izan. "Xakean ez dago aitzakiarik, ez dago errua beste inori botatzerik. Jokalari bakoitza da hartzen dituen erabakien erantzule bakarra, onerako eta txarrerako. Hala ere, borrokatu egin dute eta ezin zaie gehiago eskatu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide