Zarautzen kontra bina egin du Anaitasuna Kakutek

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2023ko urt. 22a, 11:31

Gipuzkoako Ligako bigarren jardunaldia jokatu du Zarautzen, eta Imanol Larrañagak eta Anibal Fernandezek irabazi egin dute. Urte bukaera arteko hainbat hitzordu lotu ditu Anaitasuna-Kakute xake klubak.

Atzo, larunbata,  Zarautzen ZKE xake klubaren kontra bina berdindu zuen Anaitasuna-Kakute xake klubak. Gustura dago emaitza horrekin xake kluba, "lider zegoen ZKEri eustea lortu duelako".  Gipuzkoako Ligako bigarren jardunaldia izan zen atzokoa, eta Anibal Fernandezek Vicenteri irabazi zion, baita Imanol Larrañagak Etxaberi ere. Xabi Ruizek eta Ion Kuendek, ordea, ez zuten lortu Lertxundi eta Duo mendean hartzea.

Zarautzen kontrako jardunaldiaren ondoren, sailkapeneko bosgarren postuan dago Anaitasuna-Kakute xake kluba, 3,5 punturekin. Villabona da sailkapeneko aurreneko muturrean dagoena, 7,5 puntu batuta. Datorren larunbatean Azkoitiko xake klubak talde hori izango du aurkaria Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko duten jardunaldian.

Hitzorduak jarrita

Anaitasuna-Kakute xake klubaren zuzendaritza urtearen bukaera arteko hianbat txapelketaren egunak zehaztu ditu dagoeneko, honako hauek dira:

  • Otsailak 26. Gipuzkoako zonaldekako eskolen txapelketa.
  • Martxoaren aurreneko astea. XIII. Anaitasuna Kopa hasiko da.
  • Apirilak 22. Jose Luis Larrañagari omenaldia, Elkargunean. 1983an aldiberekoan munduko errekorra lortu zuen, eta lorpen horren 40. urtemuga gogoratuko dute.
  • Ekainak 25. Azkoitiko Hiria 40. Txapelketa.
  • Abenduak 3. Sanandresetako 28. Xake Txapelketa.

Xake eskolak martxan

Anaitasuna-Kakute klubaren xake eskolak astearteetan eta ostegunetan, 17:00etan, izaten dira Kultur Etxean klubak duen egoitzan. Doan dira eskolak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide