Lucia Valorrek nagusitasunez irabazi du Emakumeen II. Anaitasuna Xake Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko urr. 23a, 15:50

Zortzi xakelarik parte hartu dute Anaitasuna-Kakute xake klubak antolatutako txapelketan. Emakumeen lehiaketa indartzeko urratsak aurrera egiten segitzeko konpromisoari heldu dio xake klubaren zuzendaritzak.

Iaz antolatu zuen aurreneko aldiz Emakumeen Anaitasuna Xake Txapelketa Anaitasuna-Kakute xake klubak. Orduko hartan, ordea, pandemiaren eraginez hartutako neurriak (musukoa, gela, elkarren arteko distantzia...) indarrean zeuden artean, eta bi xakelarik bakarrik parte hartu zuten lehian. Aurten, ordea, pauso bat aurrera eman dute, eta zortzi xakelarik lehiatu dute Emakumeen II. Anaitasuna Xake Txapelketan. Gaur, igandea, goizean jokatu dute txapelketa xake klubaren lokalean.

Hasiera-hasieratik nagusitasuna erakutsi du Lucia Valor xakelari txapeldunak. Valorrek bere mailako xake partida guztiak irabazi ditu. Haren atzetik, bigarren, Judith Goenagak egin du, iazko txapeldunak. Hirugarren postuan berdinketa gertatu da Maria Okudaren eta Usoa Juradoren artean; azkenean, postu hori Okudak eskuratu du. Gainontzeko xakelariak honakoak izan dira, hurrenez hurren: Lorea Gorostiza, Alaitz Hidalgo, Ixone Jurado eta Nerin Goenaga.

Txapelketa klubeko kideek nahiz parte hartu duten xakelarien senideek jarraitu dute bertatik bertara. Bukaeran, sari banaketa ekitaldian, Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak ere parte hartu du.

Emakumeen xakea indartzea xede

Anaitasuna-Kakute xake klubaren zuzendaritzak nabarmendu du Emakumeen Anaitasuna Xake Txapelketa indartzen joan nahi duela, eta horretarako nesken artean xakea sustatzeko lanean segituko duela. "Emakumeen txapelketaren partaidetza gehitzeko lan egingo dugu, eta bidez batez, nesken artean xakea sustatzen ari diren klubeko monitoreen lana eskertu nahi dugu, eta haiek zoriondu nahi ditugu lan ederra egiten ari direlako".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide