Carles Serra kataluniarrak irabazi du XXVI. Blitz Anaitasuna Xake Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko ira. 22a, 13:04
Carles Serrak irabazi zuen txapelketa.

10,5 puntu batu zituen kataluniarrak, 9 puntu Anibal Fernandezek eta 8 Xabier Ruizek. Asteburuan, 2022ko banakako partida azkarren Gipuzkoako Txapelketan izango dira Anaitasuna Kakuteko kideak.

Carles Serra gironarrak irabazi zuen joan den igandean XXVI. Blitz Anaitasuna Xake Txapelketa. Hamabi jokalarik parte hartu zuten lehian, baina kataluniarra berehala hasi zen erritmoa hartzen eta ez zen gelditu amaierara arte. 10,5 puntu atera zituen Serrak, eta irabazi ez zuen partida bakarra Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeko Jose Joaquin Larrañagaren aurka izan zen; azkoitiarraren aurkako lehia berdinketan amaitu zen.

Anaitasuna Kakuteko Anibal Fernandezek 9 puntu lortu zituen eta bigarren sailkatu zen, eta Xabier Ruizek 8 puntu batu zituen. Partiden erritmoa azkarra izan zen, eta txapelketa oso animatua egin zuten horiek.

Xakelari azkoitiarrentzat entrenamendu gogorra izan zen Blitz Txapelketa; izan ere, etzi, larunbata, Azpeitian jokatuko dute 2022ko banakako partida azkarren Gipuzkoako Txapelketa. Bestalde, ostiralean, Anaitasuna Kakuteko Manuel Paredesek Karen Grigoryan Armeniako Maisu Handia izango du aurkari Meridan (Espainia) jokatuko den aldibereko txapelketa batean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide