Anibal Fernandezek bere oparia jaso du

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko mai. 23a, 10:13
Anibal Fernandez, erdian, sariarekin. (Anaitasuna-Kakute)

Hirugarren izan da Anaitasuna-Kakute xake taldeko jokalaria Eire-Apaolaza txapelketan. Bestalde, datorren igandean Rey Enigma izango da Zumaian.

Anibal Fernandez hirugarren izan da Urretxuko (Gipuzkoa) Eire tabernan jokatu den Eire-Apaolaza Txapelketan. Ekitaldia bi urtez luzatu da pandemiaren ondorioz, eta igande honetan amaitu da Markel Vesgaren garaipenarekin, hark Jokin Fernandezi irabazita. Pena jokalari batzuen bajak, besteak beste Hectorrenak, lan kontuengatik ezin izan baitituzte partidak jokatu. Antolatzaileei eta babesleei zorionak eman behar zaizkie txapelketa baldintza gogor hauetan mantendu dutelako, baita jokalariei ere. Anibali buruz esan behar da urte itzela egin duela, partida onekin eta sakrifizio izpiritu handiarekin, beti taldetik tiraka eta ahal duen guztia irakatsiz. Zorionak, Anibal.

Datorren igandean, Zumaian, xake-aldi bat ospatuko da Rey Enigmaren eskutik, xake-mozorro batez estalita kalean xake partidak jokatzen dituen eta nor den inork ezagutzen ez duen pertsonaia. Maisu maila duela uste da bere jokoagatik, baina bere nortasunari buruzko ziurgabetasuna zeresana ematen ari da. Lucia, Denis eta Juan Carlos Valor mugituko dira haren aurka borrokatzeko, eta espero dezagun zerbait lortzea. Esan beharra dago azken urtean maila handiko hainbat jokalarik bisitatu dituztela Gipuzkoako lurrak: GM Pepe Cuenca eta Rey Enigma Zumaian, GM Jaime Santos eta GM David Lariño Azkoitian eta GM Eduardo Iturrizaga Legazpin.

Bien bitartean, Azkoitia-FGA Sustapena finalaren antolakuntzak erritmo onean jarraitzen du egun hauetan Gipuzkoako hainbat gunetan sailkatzen ari diren 120 jokalariak hartzeko.

Era berean, 40. Azkoitia Hiria – XI. Joxe Azkueren Oroimenezko Torneoak talde parte-hartzaileen zerrenda itxi du, eta honako taldeak arituko dira lehian: Azpeitia, Billabona (Gipuzkoa), Barakaldo (Bizkaia), Eibar (Gipuzkoa), Elgoibar (Gipuzkoa), Gros (Gipuzkoa), Hondarribia-Marlaxka (Gipuzkoa), Legazpi (Gipuzkoa), Liendo (Kantabria, Espainia), Martintxo (Araba), Santurtzi (Bizkaia), Zaldi Balza (Bizkaia) Zornotza (Bizkaia), Azkoitia A eta B.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide