Anaitasuna-Kakutek ezin izan du Legazpin garaipena lortu

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko mar. 6a, 11:00
Atzoko jardunaldiko irudi bat.

Gipuzkoako taldekako Kutxa Ligako seigarren erronda jokatu zuen atzo Anaitasuna-Kakutek, eta 3 eta 1 galdu zuen Legazpiko Santikutz taldearen kontra. Datorren zapatuan Azkoitian jokatuko dute Anaitasunako kideek Idiazabalen aurka; irabaztea dute xede, igoera fasera sailkatzeko eta jaitsiera fasea saihesteko.

Gipuzkoako taldekako Kutxa Ligako seigarren erronda jokatu zen atzo, zapatua, eta Anaitasuna-Kakute taldeak ezin izan zuen Legazpiko Santikutz taldea mendean hartu. Hain zuzen ere, 3 eta 1 galdu zuen Azkoitiko taldeak.

Ion Kuendek ezin izan zuen garaipena erdietsi, nahiz eta denborarekin jokatzen ahalegindu zen Jose Joaquin Larrañaga menderatzeko. Anibal Fernandezek ere ezin izan zuen Markel Vesga garaitu, eta Juan Carlos Valorrek ere galdu egin zuen.

Anaitasuna-Kakute taldea lan ona egiten ari da, eta pena da hori emaitzetan ez islatzea. Izan ere, Kutxa Ligako sailkapenaren buruan da Gros C 18,5 punturekin; bigarren Santikutz, 15 punturekin; hirugarren Idiazabal 14 punturekin; laugarren Arrasate Arlutz B 13 punturekin; eta Anaitasuna-Kakute bosgarrena da, 12 puntu batuta.

Datorren zapatuan Azkoitian jokatuko dute Anaitasunako kideek Idiazabalen aurka, eta bai ala bai irabazi behar dute, igoera fasera sailkatzeko eta jaitsiera fasea saihesteko.

Emakumeen txapelketa, asteazkenean

Asteazkenean jokatuko da Anaitasuna-Kakute Txapelketaren lehen edizioa. Emakumeen lehia izango da, COVID-19agatik atzeratutakoa, eta bertan parte hartuko dute taldeko Judith Goenagak eta Lucia Valorrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide