Gros C liderra aise nagusitu zaio Anaitasuna Kakuteri taldekako Kutxa Ligan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2022ko ots. 13a, 16:27
Gros C-Anaitasuna Kakute neurketaren irudi bat. (Anaitasuna-Kakute)

Lau partidatan berdinketa bat besterik ezin izan zuten lortu azkoitiarrek atzo Donostian, eta etxekoek 3,5-0,5 irabazi zuten hirugarren jardunaldiko neurketa.

Gipuzkoako taldekako Kutxa Ligaren hirugarren jardunaldiko neurketa jokatu zuten atzo Anaitasuna Kakute xake klubleko ordezkariek Donostian, eta berdinketa bat besterik ezin izan zuten batu Gros C taldearen kontra jokatutako lau partidetan. Sailkapenaren buruan daude azkoitiarren atzoko aurkariak, Arrasate-Arlutzekin berdinduta.

Jose Joaquin Larrañagak lortu zuen Anaitasuna Kakutekoen puntu erdia atzo Donostian. Anibal Fernandezek, Ion Kuendek eta Imanol Larrañagak, aldiz, galdu egin zituzten beren partidak, azken horrek zerbait gehiago lortzeko aukera onen bat izan arren.

Atzoko emaitzaren ondoren, Kutxa Ligaren sailkapenean seigarrena da Anaitasuna Kakute, bost punturekin. Datorren jardunaldia ere etxetik kanpo jokatuko dute azkoitiarrek, Zarautzen, sailkapenean juxtu Anaitasunakoen atzetik dagoen taldearen kontra; 2,5 puntu batu dituzte orain arte Zarauzko xakelariek.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide