Xake ikastaroak antolatu ditu Anaitasuna-Kakute xake taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2021ko ira. 26a, 18:10

Hasiberrieentzat oinarrizko xake ikastaroa antolatu du. Saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira 17:30etik 18:30era Kultur Etxean, eta doakoak izango dira. Maila hobea duten eta federatutako kategorietan aritzen diren bazkideentzat, berriz, xake aurreratuko ikastaroa antolatu du. Saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira, 18:30etik 19:30era.

Ikasturte hasierarekin batera, Anaitasuna-Kakute xake taldeak oinarrizko xake  ikastaroa antolatu du Anai Xake Eskolaren bidez. Ikastaro horreta parte hartzen dutenek xakearen berezitasunak ezagutu ahal izango dituzte, xakearen oinarriak eta oinarrizko arauak, ikasiz gozatzen, erabakiak hartzen, horien ondorioak eta emaitzak onartzen, aurkariarekin partekatzen ondo egindakoez eta hankasartzeez hitz eginda eta abar. Saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira 17:30etik 18:30era Kultur Etxean, eta doakoak izango dira.

Bestalde, astearteetan eta ostegunetan, baina 18:30etik 19:30era, xake aurreratuko ikastaroa emango dute maila hobea duten eta federatutako kategorietan aritzen diren bazkideentzat. 2020an, pandemia bete-betean, Hector Sanchez izan zen ikastaro horiek online emateaz arduratu zena, eta bazkideen artean sekulako harrera izan zuen. 

Ikastaroen zuzendaritzaz gaztetxoen irakasle eta preferente mailako jokalaria den Anibal Fernandez arduratuko da. David Lariño maisu galiziarraren ikaslea da Fernandez, eta hain zuzen ere, Lariño izango da xake aurreratuko ikastaroa emango duena. Oinarrizko ikastaroak, berriz, Ion Kuendek eta Juan Carlos Valorrek emango dituzte, Fernandezen eta beste bazkideren baten laguntzarekin. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide