Anaitasuna Kakute, 42 urte

Datorren asteazkenean, otsailak 3, Anaitasuna Kakute xake taldeak 42 urte beteko ditu. Urte horietan guztietan helburu bakarra izan du taldeak: Azkoitian xakea jokatzeko aukera herritarrei eskaintzea. Hala eta guztiz ere, jokalari berriak, bazkideak eta federatuak taldera erakartzea eta horiek heztea da klubak duen beste helburuetako bat. 

Maila desberdinetako federatutako lehiaketetan parte hartzea eta xakea Azkoititik kanpora hedatzen laguntzea ere taldearen nahietako bat izan da beti. Anaitasuna Kakutek ekintza asko antolatu ditu urte guztietan zehar, eta azkoitiar askok ezagutu dute gure egoitza. Batzuetan, pentsa, gaztetxo batzuk lurrean ere jokatu izan dute mahai guztiak beteta zeudelako. 

Klaseak eta ikastaroak ere eman izan ditu klubak, eta horien bitartez partehartzaileek xakearen benetako kontzeptua zein den ezagutzeko aukera izan dute. Klubak Gipuzkoako eta Euskal Herriko xakeari egindako ekarpena nabaria izan da, eta Azkoitian antolatutako ekintzetan partehartzaileek erakutsitako maila ere handia izan da. Bazkideak dira klubaren altxorrik preziatuena. Adin eta genero guztietako kideak izan ditu klubak, eta horiek gozatu egin dute beren garaipenekin; galdutakoan ere positiboki eta kiroltasunez erantzun dute. 

Guztia ez da erraza izan, ordea. Une txarrak eta gogorrak egon dira ibilbide horretan, baina batasunez erantzunda aurrera irteta lortu du klubak. Gaur egun, pandemiagatik bestelako alternatibak bilatzen aritu behar izan dugu gure kirola egin ahal izateko. Ez da guztiok nahi genukeen egoera, baina ez dago besterik. 

Horregatik guztiagatik, Anaitasuna Kakute xake taldeak XI. Anaitasuna Kopa abiatuko du datozen egunetan online plataformen bitartez. 42 urteetan Azkoitiko Udalean egon diren talde guztiei ere eskerrak eman nahi genizkieke, beren konfiantza eta babesa ezinbestekoak izan baitira. Eskerrak, era berean, bestelako erakundeei, enpresei, komertzioei eta hedabideei, gure lanagatik apostu egin dutelako. Guztia, xakeak hazten jarrai dezan; denbora, azterlana, balorazioa eta erabakia eskatzen dituen kirola zalantzarik gabe. Horregatik guztiagatik, zorionak Anaitasuna Kakute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide