Judith Goenaga, Mendaroko aldibereko xake txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2019ko uzt. 8a, 09:10

Joan den zapatuan, Mendaroko xake taldeak antolatuta xakeko aldibereko saio bat jokatu zuten hainbat jokalarik Mendaron. Bertan, Azkoitiko Anaitasuna xake taldeko Judith Goenaga xakelariak parte hartu zuen.

Mendaroko xake taldeak antolatuta Javi Muñozen gidaritzapean, xakeko aldibereko saioa jokatu zuten hogei tauletara. Txapelketa hori Mendaroko herriko plazan jokatu zuten, eta Anaitasuna xake taldeko Judith Goenaga xakelariak parte hartu zuen bertan.

Gisa horretako txapelketetan jokalari baten aurka hogei lagun aritzen dira aldi berean lehian. Horretarako, Azkoitiko Anaitasuna xake taldeko Judith Goenaga gonbidatu zuten eta lan bikaina egin zuen. Hamazazpi partida irabazi zituen eta hiru galdu, lau orduko lehiaren ondoren. Adin eta sexu ezberdinetako jokalarien aurka aritu zen.

«Oso nekatuta amaitu dut, baina oso gustura nago egindako lanarekin. Gainera, oso eskertuta nago lan honetarako gonbita jaso izanagatik, oso berezia eta oso polita izan baita saioa. Aurreko egunetan oso urduri egon nintzen, lehenengo aldiz parte hartu dudalako horrelako saio batean. Jose Luis Larrañaga eta Carlos Sánchezen laguntza eta gomendioak asko eskertzen ditut», azaldu du Goenagak txapelketaren ondoren.

Bestalde, Anaitasunako zuzendaritza taldeak Goenaga zoriondu du zapatuan egindako lanarengatik, eta haren lana eskertu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide