Anaitasuna Kakute, bigarren Elgoibarren

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2019ko eka. 24a, 08:53
Anaitasuna Kakuteko ordezkariak.

Joan den zapatuan, Anaitasuna Kakute Xake Taldea bigarren sailkatu zen Elgoibarren. 'Europako Kirolaren Herria' ospakizunen barruan, bi xake txapelketa jokatu ziren Zubi Ondo Elkarteak antolatuta. Partida azkarren txapelketa jokatu zen goizean, eta azkoitiarrek bigarren amaitu zuten. Arratsaldean, Olan Arkitektura xake txapelketa azkarra jokatu zen.

Joan den zapatuan, ekainak 22, 'Europako Kirolaren Herria' ospakizunen baitan bi xake txapelketa jokatu ziren Elgoibarren. Goizean eta arratsaldean jokatu ziren lehiak eta Anaitasuna Kakute Xake Taldeak bigarren postua lortu zuen goizeko txapelketan. Partida azkarren lehia izan zen eta 20,5 punturekin bigarren sailkatu ziren azkoitiarrak. Martintxo talde arabarrak irabazi zuen, 23 punturekin. Hirugarren, berriz, Liendo talde kantabriarra sailkatu zen, 19,5 punturekin. J.J. Larrañagak, M. Paredesek eta I. Kuendek parte hartu zuten txapelketan.

Arratsaldean, berriz, Olan Arkitektura Xake Txapelketa azkarra jokatu zen. Txapelketa irekia izan zen, banaka aritu beharrekoa. Bost minutuko bederatzi erronda jokatu zituzten, eta Alex Aranzabal getariarra nagusitu zen. Goizean aritu ziren azkoitiarrei, A. Fernandez eta J. C. Valor gehitu zitzaizkien. Honela gelditu ziren sailkapenean:

  • 8. A.Fernández (6 puntu)
  • 15. J.C.Valor (5 puntu)
  • 21. J.J.Larrañaga (5 puntu).
  • 28. M. Paredes (4 puntu)
  • 42. I. Kuende (3 puntu)

 

Igandean, Kontzejupean

Datorren igandean, ekainak 30, XXXVII. Azkoitia Hiria Xake Txapelketa eta VIII. Joxe Azkue Memoriala jokatuko dituzte Azkoitian, Kontzejupean. 10:00etan hasiko da txapelketa. Lau jokalariz osatutako 18 taldek parte hartuko dute lehian. Bost minutuko 17 txanda jokatuko dituzte. Anaitasuna Kakute Xake taldeak hiru talde izango ditu. Abadiño, Barakaldo, Villabona, Eibar, Elkano Getaria, Emakume Xakelariak, Fomento, Hondarribia-Marlaxka, Liendo, Martintxo, Santurtzi, Zornotza, Zuri Baltza eta Xaputarrak taldeak izango dira gainerakoak. Joxe Azkue klubeko lehendakariordea zenari omenaldia egingo diote. Mikel Almanza nazioarteko epaileak zuzenduko du txapelketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide