Proiektu eolikoek eragindako Gipuzkoako udal gehienak horien aurka mobilizatu dira

Erabiltzailearen aurpegia

Azkoitiko Udalak ez du gaiari buruzko informaziorik eman, ezta bere jarrerari buruzko azalpenik ere.

Martxoan, Soraluzeko Udalaren osoko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu zuen Mendigainean eolikorik ez! izeneko mozioa (EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko udal ordezkarien babesarekin), proiektuaren kontra zegoela jakinaraziz.

Maiatzean, Karakaten bi haize errota ezartzeko Green Capital Development 135 enpresak agertu duen asmoaren kontra egin zuen Elgoibarko Udalak aho batez, Karakate Bizirik plataformatik egindako eskaerarekin bat eginez.

Ekainean, Urretxuko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak Trekutzen eta Buruzain egin nahi diren parke eolikoen aurka azaldu ziren. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk bi testu adostu zituzten, bakoitza parke eoliko baten ingurukoa, eta Eusko Jaurlaritzari igorri zizkioten.

Hilabete berean, Izazpin, Pagotxetan eta Oletan aurreikusitako aerosorgailuen aurkako mozioa onartu zuten Zumarragako Udaleko talde guztiek. Udalak adierazi zuen parke eolikoaren proiektua "ez dela onargarria".

Eskeltzu izeneko parajean Green Capital Development XLIV SLU izeneko enpresak eraiki nahi dituen aerosorgailuen proiektuaren inguruko ingurumen-inpaktuaren txostenari alegazioak aurkezteko prestatzen ari da Zizurkilgo Udala gaur egun. Abuztuaren 15era arteko epea du erakundeak, nahiz eta luzapen bat eskatu omen duten.

Bien bitartean, zertan ari da Azkoitiko Udala? Joan den martxoan Capital Energy enpresarekin egin zuten informazio bileraz geroztik ez da inongo informaziorik zabaldu gaiaren inguruan. Udal alderdi politikoak elkartu al dira Oletan egin nahi duten proiektuaren inguruan eztabaidatzeko? Zer informazio daukate? Partekatuko al dute herritarrekin? Noiz? Zeren zain daude?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide