Pasaiako Sarraskiaren harira, ekitaldia antolatu du larunbaterako Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mar. 22a, 09:07

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolaturiko ekitaldia 13:00etan hasiko da Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan. Bestalde ondorengo irakurketa ere zabaldu du Kontseiluak.

Gaur 39 urte bete dira estatuaren indar errepresiboek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militante erail zituztela Pasaiako badian: Kurro, Pelu, Pelitxo eta Txapas. Pasaiako sarraskia estatu kapitalista zapaltzaileak militante iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren sinboloetariko bat bezala daukagu Euskal Herrian.

Horren aurrean, beste urte batez, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik lau kide horiek gogora ekarriko ditu eta gure oroimenean bizirik jarraitzen dutela adieraziko dugu. Horren adierazle dugu iazko ekitaldian Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan lekuko ziren Rosa eta Merinorekin landatu genuen hagin zuhaitza, borroka iraultzailearen memoria kolektibo horren sinbolo, hain zuzen.

Esperientzia iraultzaileen errekonozimendua egin eta beraien ekarpenak jasotzea dagokigu; borrokan bizia eman zuten iraultzaileak gogora ekarri eta beraien konpromiso militantea zein borrokaren zilegitasuna aldarrikatzea. Zentzu horretan, Mugimendu Autonomoak eta hango militanteek, langileriaren klase independentzia politikoaren bitartez, zapalduen askatasunaren alde aurrera eramandako borroka azpimarratu nahi dugu.

Komuniston eginbehar etiko eta politikoa da klase zapalkuntzarekin amaitzeko eta proletalgoaren emantzipazioa lortzeko borrokan bizia eman zuten militante iraultzaileak gogora ekartzea, haien izenak eta borrokak langileriaren oroimen kolektiboan bizirik mantendu daitezen.

Amaitzeko, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzia berriz irekitzea eta erailketaren egileak izan zirenak judizialki zigortzeko aukera agertzea berri ontzat hartzen ditugu, eta gure babesa adierazi nahi diogu saiora lekuko bezala deitu duten bizirik utzi zuten militante bakarrari. Hori esanda, kontuan izan behar dugu botere judiziala politika eta dominazio burgesa bermatzeko instituzioak dela, eta eraildako militante iraultzaileentzat benetako justizia iraultzak berak egingo duela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide