Jasotze handia: oinarrizko produktuen biltegiko bi kideri elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mar. 16a, 14:33

 Oinarrizko produktuen biltegiko bi kide dira Iraitz eta Ivan. Biltegiak hiru urte beteko ditu aurten, eta ikasturteko bigarren jasotze handia antolatu dute. Honakoa da Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bi kideei eginiko elkarrizketa.

'Oinarrizko produktuen biltegia' hirugarren urteurrena betetzear den honetan, ikasturte honetako bigarren jasotze handia antolatu duzue martxoaren 30erako, 31rako nahiz apirilaren 1erako. Zer dela eta antolatu duzue? Zein da helburua?

Ivan (gazteleraz): Bilketa handi honen helburua da, eskualdeko familia zaurgarrienei laguntzen jarraitzea. Familia guzti horiei laguntzen jarraitzeak modu horretako ekintzak antolatzea eta boluntario berriak proiektuarekin bat egitea esan nahi baitu. Lan egin ezin duten familien oinarrizko beharrak asetzeko.

Iraitz: Egun bizi dugun ofentsiba ekonomikoak eta politikoak, prezioen gorakada ekarri du, eta banatzen ditugun produktuen kopurua murriztera behartuak izan gara. Proiektu honen indargune nagusia, modu independentean, instituzioetatik kanpo langileon arteko elkartasuna saretzean datza.

Noiz sortu zen proiektua? Zergatik eta zertarako?

Ivan (gazteleraz)Proiektua 2020an sortu zen, pandemia betean. Gobernuak hartutako neurrien ondorioz, familia asko lanik gabe gelditu zen eta horrek diru sarrera arazo larriak ekarri zituen familia askotara. Hori ikusirik, pertsona talde batek 'Oinarrizko produktuen biltegia' jarri zuen martxan, eta boluntarioei esker, supermerkatuetako jasotzeak martxan jartzea lortu zen. Azken hiru urte hauetan, familia askori laguntzea ahalbidetu du horrek, eta hala dirau gaur egun ere, egoera ekonomikoa ez baita hobetu.

Iraitz: Bizi baldintzen gogortze oso azkar bat ematen ari zen momentu horretan, eta langileon arteko elkartasuna modu independentean saretzeko asmoz jarri genuen proiektua martxan.

Esan duzue proiektua behar batetik sortu zela. Hala da hori? Jende askok jo al du zuengana azken hiru urte hauetan? 

Iraitz: Bai, guk hasieran aurreikusi genezakeena baino askoz gehiagok. Proiektua martxan jarri eta bi hilabete igaro aurretik, oinarrizko produktuen eskarien saturazioa ikaragarria zen. Askotan salatu dugun moduan, 240 pertsonari janaria ematera iritsi ginen 500 lagun itxaron zerrendan genituen bitartean, eta hori guztia bi hilabete igarotzerako.

Gaur egun ere egoerak bere horretan dirau. Oinarrizko produktuen eta elikagaien eskaria ikaragarria da, eta ez gara gai eskaerei erantzuteko. Izan ere, agerian gelditu da pandemiak krisi testuinguruaren gogortzea azeleratu egin zuela, eta orain, gerra testuingurua, bigarren pauso bat ari dela izaten. Oinarrian dagoen krisi kapitalista agerian utzi du horrek, eta, beste behin, krisian galtzaile ateratzen dena langile klasea da.

Ivan (gazteleraz): Lehen aipatu dudan moduan, pandemia garaian asko ugaritu ziren oinarrizko produktuen eta elikagaien beharra zuten familiak; neu naiz pertsona horietako bat. Hasieratik izan nuen boluntario gisa parte hartzeko aukera. Modu horretan, geure aletxoa jartzeko aukera ematen zitzaigun, proiektua indartu eta behar gehien zuten familiei lagundu ahal izateko. Jasotze handiaren helburua da ezegonkortasun ekonomiko, sozial nahiz politiko honetan behar handiena duten familiei ahal dugun neurrian laguntzea.

Eskualdean badira beste eragile batzuk Oinarrizko Produktuen Biltegiaren funtzio antzekoa bete dezaketenak, hala nola, udaletxeko Elikagai Bankua Azpeitian, Caritasen elikagai bankuak Azkoitian zein Zestoan edota Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideak aipaturiko hiru herrietan. Hori horrela izanik, zein izan daiteke zuen ustez horrenbeste eskaera jasotzeko arrazoia?

Iraitz: Nik esango nuke funtzio antzekoa baino, funtzio kontrajarriak betetzen ditugula aipatu berri dituzun eragileek eta guk. Gure ustez, eragile eta instituzio horiek, beren jardunarekin eta eskaintzen dituzten baliabideekin, betetzen duten funtzioa bizirik irauteko baliabide gutxi batzuk eskaintzea dituzte, finean laguntza hori jasotzen dutenen miseria betikotuz.

Horregatik da beharra horren handia eta horregatik jo du gugana horrenbeste jendek.

Gu klase zapalduen emantzipaziorako pausoak ematen ari gara, miseriarekin behin betiko amaitu ahal izateko. Oinarrizko produktuak banatzen ditugu, baina egungo sistema iraultzeko proposamenaren parte da.

Ivan (gazteleraz): Erakundeek dituzten burokraziak eta baldintzek asko zailtzen dute laguntza hauek jasotzera iristea. Bidean oztopo ugarirekin egiten da topo, eta horrek familia asko laguntza jasotzetik kanpo uzten ditu. Hori gutxi balitz, erakunde horiek ez dute familien garapena errazten; asistentzialismora mugatzen dira, instituzio horiekiko menpekotasuna sortuz.

Badira, ordea, instituzioetatik "larrialdi sozialera" bideratzen diren diru partidak. Horiek ez al dute betetzen larrialdi egoera horri erantzuteko funtzioa? 

Iraitz: Ez, noski ez dutela betetzen. Laguntza horien izaera ikusi besterik ez dago. Lehen esan dudan moduan, laguntzak egoerarik okerrenean daudenak miseriara kondenatzen dituzte batetik, bizirik irauteko justuko baliabideak eskainiz, eta bestetik, langileriaren gaineko kontrola bermatzen dute mendekotasuna sortuz.

DBE (RGI) diru laguntzarekin egin dituzten aldaketak dira horren adibide. Esanguratsuena Lanbidek sortu behar duen "polizia" da, horiek etxez etxe joango dira-eta bertako bizilagunek diru laguntza jasotzeko "eskubiderik" baduten edo ez "baloratzera".  Praktika horrek urteak daramatza martxan. Orain arte Ertzaintza izan da funtzio hori bete duena. Ordea, aurrerantzean Lanbideren polizia propioak egingo du.

Hori intimitatearen aurkako eraso gogorra da, zeinak bizirauteko diru laguntzen beharra duen edonoren etxebizitzan Polizia sartzea normalizatzen duen. Beste behin ere gizarteko kapa kolpatuenen gaineko kontrol eta zapalkuntza bermatuz.

Ivan (gazteleraz): Baldintza asko bete behar dira laguntza horiek jaso ahal izateko, eta jasotzera iritsiz gero oso kontrolatuta dago zertarako erabiltzen den jasotako dirua, mesfidantza ikaragarria baitago dirulaguntzak eskatzen dituztenekiko. Laguntza eskatzen duenak behar duelako eskatzen du, eta zentzu horretan asko dago hobetzeko. Dena den, instituzioetatik gure ahotsa ez da entzuten. Laguntzak interes elektoralisten logikatik kanpo kokatu behar dira, bestela, sarritan, kalte gehiago egiten dute mesede baino.

Langileen arteko elkartasuna modu independentean antolatzearen garrantzia azpimarratu duzue. Zer esan nahi du horrek, zehazki?

 Iraitz: Modu azkarrean esateko, instituzioetako alderdi politiko guztiek bi lehentasun dituzte nahitaez. Batetik, bozak irabaztea "boteretik" kanporatuak izan ez daitezen. Eta bestetik, enpresen irabazien handitzea bultzatzea, hortik jasotzen baitute "politika" egiteko beharrezko dirua. 

Ondorioz, ez dute langileon interesetara lan egiteko ez gaitasunik ezta borondate errealik ere. Horren adierazle dira larrialdi egoeran dauden pertsonentzat bideratzen diren diru laguntzen izaera eta kopuruak.

Beraz, modu independentean antolatzeak logika horretatik kanpo antolatzea esan nahi du, lehentasuna langileon interesetan jarrita eta ez enpresen mozkinetan. Langileon ongizatea helburu duten politikak martxan jarri, klase zapaltzailearekin behin betiko amaitzeko.

Ivan(Gazteleraz): Garrantzitsua da langileok modu independentean antolatzea, gure ahotik hitz egiten duen baina gero ezer gutxi egiten duen asko baitago.

Zer da, beraz, proposatzen duzuena?

Iraitz: Auzia konplexua da, eta egoerak eskatzen duen moduan, guk proposatzen duguna ere bai. Gaur egun, langileriak beharrezkoak ditugun bizi baliabideak eskuratzeko dirua bi modutan jasotzen dugu: soldataren eta dirulaguntzen bidez; eta batzuetan biak konbinatuz. Modu horretan, batak soldataren diziplina betetzera behartzen gaitu, eta bigarrenak, aldiz, estatuaren burokraziaren diziplinara.

Horrela, langile asko lan merkatutik kanporatua izatearen ondorioz, dirulaguntzak eskatzera behartuta daude. Gutxieneko Soldatara (SMI) iristen ez diren diru laguntzekin bizirautea, diru laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez susmopean bizitzea, eta burokraziak exijitzen dituen paper nahiz kontrol sistema guztiak betetzea esan nahi du.

Eta hori guztia gutxi balitz, soldatapeko lanean dauden langileen kritiken jo-puntu izatera ere bai, beraien lanetik aprobetxatuko balira moduan, benetako "parasitoak" (enpresa buruak, etxe jabeak…) dirutzak irabazten ari diren bitartean. Horrek langileon arteko banaketa indartzen du, nahiz eta langile guztiok dugun dirulaguntzak eskatzera joan behar izateko posibilitatea. Geroz eta langile masa zabalagoa dago egoera horretan.

Zentzu honetan gure proposamena argia da. Klase sozialik gabeko gizarte batean, edozein pertsonak kalitatezko bizi bitartekoak izateko errenta unibertsala aldarrikatzen dugu. Langabezia orokortua kapitalaren dinamikaren ondorioa da, ez alferkeriarena.

Non eta ze ordutan egongo zarete oinarrizko produktuak jasotzen?

Ivan (Gazteleraz): Martxoaren 30ean eta 31n nahiz apirilaren 1ean egongo gara Zestoako Gesalaga kalean, Azpeitiko Juan XXIII.a eta Sanjuandegiko Eroski supermerkatuetan eta Azkoitiko BM supermerkatuan nahiz Eroski txikian. Ordutegiari dagokionez, martxoaren 30ean 17:00etatik 20:00etara egongo gara; hilaren 31n, 10:00etatik 13:00etara zein 17:00etatik 20:00etara, eta apirilaren 1ean, 10:00etatik 13:00etara.

Edonork jasotze horietan parte hartu nahiko balu edo edozein zalantza izango balu, telefono zenbaki honetara idazteko aukera dauka: 688 76 90 47

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide