Langileriaren independentzia politikoaren alde jarraituko dugu lanean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko ots. 9a, 11:43

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak honako idatzi hau plazaratu du Espainiako Kongresuan onartu berri duten lan erreformaren harira.

Espainiako politika instituzionalean azken hilabeteak gorabeheratsuak izan badira ere, onartu dute azkenean lan erreforma Kongresuan, aurretik patronalarekin eta gehiengo sindikalarekin adostuta. Lan erreforma honek patronalaren eta eskuineko politikari askoren oniritzia izan du, eta ez da gutxiagorako. Espainiako Gobernuak Europatik zetozen "gomendioei" men egin die, trukean Europako Funtsak eskuratuko zituztela kontuan hartuta; eta horrela atera da aurrera, kapital handiaren behar estrukturalei erantzuten dien erreforma. Behin eta berriz aipatutako burgesiaren ofentsiba politikoaren eta ekonomikoaren baitan ulertu behar dugu, beraz, lan erreforma hau.

Erreformaren ezaugarri teknikoei begiratuta, esan daiteke Alderdi Popularrak 2012an ezarritako erreformaren oinarriak mantentzen dituela; adibide garbiena kaleratzeen prezioa bere horretan mantentzea izan da. Behin-behinekotasunak, berriz, bere horretan jarrai dezan baldintzak uzten ditu, Lana Erregulatzeko Aldi Baterako Txostenak normalizatzen eta aldizkako langile finkoen figura hedatzen dituelako, enpresak langileak nahierara erabil ditzan.

Horrez gain, aurka agertu diren gainontzeko politikarien, hau da, beren burua ezkertiar izendatzen duten horien papera ere salatu beharrekoa da. Europako Funtsak onartzearen alde agertu ziren bitartean horren ondorio den erreforma hau gaitzestea oportunismo hutsa da, jakinik txanponaren bi alde zirela funtsak eta erreforma. Zirku parlamentario honetan parte hartzeak berak langileriaren proiektu politiko iraultzaile oro oztopatzen du, eta hori da sozialdemokraziak eta bere inguruko sateliteek egiten dutena behin eta berriz.

Horrez gain, euskal gehiengo sindikalak ere zirku horretan bere lekua izan du, gutxi baitu eragiteko erreforma honen kasuan. Izan ere, funtsezko indar korrelazioa kapitalaren eta lanaren artean ematen da, eta ez Euskal Herriaren eta Espainiaren artean. Horrela, agente sindikal horiek ez dute ahalmenik Europako integraziorako marko politikoa eta horren atzean dagoen Europako Kapital Handia ezbaian jartzeko.

Argi dugu burgesia handiaren eta sozialdemokraziaren fartsa honetatik kanpo antolatu beharra dagoela. Guk, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik, langileriaren independentzia politikoaren alde jarraituko dugu lanean, burgesiaren ofentsiba orokor hau eta bere mekanismoak salatuz, lan erreforma kasu. Horretarako, langileriak egunerokoan dituen beharrei erantzuteko antolakuntza tresnak eskaintzen jarraitzen dugu, horien bitartez klase antolakuntza sustatzeko, hori baita kondenatzen gaituzten miseria kapitalistatik ateratzeko langileok daukagun berme bakarra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide