Udako lan-baldintza miserableen aurrean, langile antolakuntza

Erabiltzailearen aurpegia

Aholkularitza laboralak martxan jarraituko du uda osoan zehar betiko ordutegiarekin, astearte arratsaldeetan; eta bertatik hainbat argibide eta gomendio emango ditugu soldatapeko lanari begira datozen asteetan. Uda honetan, lan-baldintza miserableak salatu eta langile antolakuntza aldarria zabaltzea dagokigu. Horregatik, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik egoera hauek salatzeko lana egingo dugu jai testuinguruetan: festa ofizialik egon ez arren, langileriak festak egongo balira bezala egin beharko duelako lan.

Maiatzean aurkeztu genuen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik autodefentsa laboralaren lan ildoa. Eta ekaineko hiru astetan zehar formakuntza laboralak eskaini ditugu eskualdeko hiru herritan. Saio horien bitartez, soldatapeko lanean langileok ditugun eskubide ekonomikoen berri eman dugu udan sortzen den enpleguaren atzean dagoen prekarizazioa azaleratu eta eskubide urraketei aurre egiteko tresnak eskainiz. Horretarako, ekainean zehar beharrezkoak diren jakintza espezifikoen gainean lanketa eman dugu.

Orain, udako sasoi betean gauden honetan, aldi baterako lanak izan ohi dira nagusi. Ezegonkortasuna eta aldi-baterakotasuna ezaugarri dituzten lan motak izaten dira horiek. Maiatzean eman ziren lan-kontratuetako hamarretik bederatzi aldi baterakoak ziren, esaterako. Sarri gazteek bete ohi dituzte lanpostu horiek, hala nola zaintza lanetan, ostalaritzan, sorosle lanetan, partikularrak… Baina adinean aurrera doazen langileak ere edonolako lan-eskaintzak onartzera behartuta daude, besteak beste, langile ez kualifikatuak direlako: izan ere, 50 urtetik gorakoen langabezia tasa gorantz doa etengabe; Espainiar Estatu osoan maiatzaren amaieran 2,5 milioi pertsona zeuden langabezian. Adin tarte honetako pertsonek ere lehen sektoreko aldi baterako lanak edota zerbitzuetakoak egiten dituzte: "tenporero" gisa ezagunak direnak, turismoari lotutakoak…

Lan arloan ematen ari den ofentsiba hainbat eratara ikusten dugu: langabezia tasetan, lan-baldintzen kaskartzean, afiliazioen beherakadetan, despolitizazioan eta desantolakuntzan, eta ondorioz, eskubide urraketetan… Eta udako lan-merkatua ez da gutxiagorako, egoera larri horiek guztiak areagotu egiten baitira; eta zer esanik ez festa kapitalistak sortzen duen lan-merkatuan. Lanpostuak sortzeko aitzakia faltsuak atzetik langileriaren esplotazioa eta umiliazioa dakartza: ordu estra kontaezinak, beltzean eginiko lanak, kontratu zaborrak, mila eskubide urraketa… Baina langilearen egoera hain da zaurgarria, ezen ez baitago egoerari aurre egiteko aukerarik, ez bada langile antolakuntza propioaren bitartez.

Gauzak horrela, aholkularitza laboralak martxan jarraituko du uda osoan zehar betiko ordutegiarekin astearte arratsaldeetan; eta bertatik hainbat argibide eta gomendio emango ditugu soldatapeko lanari begira datozen asteetan. Gogoratu, baita ere, telefonoz edo korreoz kontakta gaitzakezuela une oro: urolaerdialaborala@gmail.com e-postara idatzita nahiz 611 64 13 67 telefonora idatzita edo deituta.

Uda honetan, aipatutako lan-baldintza miserableak salatu eta langile antolakuntza aldarria zabaltzea dagokigu. Horregatik, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik egoera horiek salatzeko lana egingo dugu jai testuinguruetan: festa ofizialik egon ez arren, langileriak festak egongo balira bezala egin beharko duelako lan.

Burgesiaren esplotazioari, langile antolakuntza!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide