"Solo" euskaraz?

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Elorza 2016ko mai. 10a, 18:16

Egun erdi euritsua, Euskal Herrian urtean zehar horrenbeste izaten ditugun horietakoa. Madriletik lagun bat bixitan etorri berri zait pare bat egun pasatzera, beraz, euria aitzakitzat hartu eta autoz eman diot bailara aldetik bueltaxka. Hori bai, badaezpada, kotxetik irten gabe. Hankarik ez puskatzeko, badakizu. “Aquí se juntaban los zalduntxos” edota “este edificio se quemó y se le quedó el nombre” bezalako esaldiz beteriko bisita gidatua. Gero, gure herriko dorrerik modernoenean zertxobait bazkaldu eta Donostiarantz abiatu gara arratsalde pasa, azken hori eta inguruak ikusteko asmoz. Bertan piztu zait lerro hauek idazteko gogoa.

Igeldora bidean gindoazen. Zure bizitza hari fin batez zintzilik ikustarazten dizun funikularrean. Gure ondoan, euskaldun familia bat, Deba Barren aldekoak esango nuke. Aurrean, beste bat. Horiek, Andaluzi aldeko ijitoak. Halako batean, ijito aitak eskuarekin kasu eginez aurrean duen ume euskaldunari: “hola bonito”. Honek kasurik ez. Ijito amak orduan: “ni lo intente, no te va entendé”. “Sí que le entiende” azken honi erantzunez, Deba Barreneko amak. Azkenik, andaluziar emakumeak berriz “ah, ejque como aquí solo hablái eujkera”. Tonua zuen imajinazioaren esku uzten dut. 

Beharbada txorakeri bat irudituko zaizue, baina tamalez, karga negatibodun “solo” horietara ohituegi nago ni. Ikastolan solo euskaraz ikasteagatik, edota selektibitatea solo euskaraz egiteagatik harritzen den jende mordoxkarekin egin dut nik topo azken urte hauetan. Era guztietako aniztasuna errespetatzen dutenaren itxurak egin eta gaztelania ez den hizkuntza batean ikasten duen norbait ezagutzeaz eskandalatzen direnak, alajaina. Gero, independetziaz edo antzeko gai bati buruz hitz egiten hasi eta espainiar lurraldeko kultur eta hizkuntz pluraltasunaz harrotze plantak egiten dituzten pertsona berdinak dira, gainera. XXI. mendeko pentsakizun aurrerakoia izateaz fardatu eta beren aitona-amonek izango lituzketen ideia zaharkituekin jarraitzen dutenak.

Tontakeri gehiegi horren aho gutxirako: “pero, ¿lo dais todo todo en vasco?” (harritutako tonuarekin, noski), ¿pero para qué queréis estudiar en euskera?” edota “a mi me parece bien que habléis en vuestro idioma”. Azken hori bezalakoak botatzen dituztenak zeharo progresistak sentitzen dira gainera, ez pentsa! Trantsizioko Felipe González bai, gutxienez! Horiei ez diet, ordea, ezer esaten, intentzio txarrik gabeko hitzak baitira, azken finean. Gizarte aldrebesean jaiotako aho lerdoak besterik ez. Beste bati berea ez den hizkuntza batean hitz egitea ondo iruditzen zaiela esan eta zeruko giltzaren jabe sentitzen diren gizajoak. Merezi al du horiekin eztabaidatzen denbora galtzeak?

Umeen garrasiek Coca-Colaren tramankulu zaharraren hots susmagarriak disimulatzen dituzte zorionez. Larri, baina bagoaz gora. Amorruz bete berri naute aurrean eserita dudan emakume horren hitzek. Amorru biziz! Askotan, horrenbeste bereizten nauen herabetasun hori ostikuz urrun bidali eta barruan dudan lotsagabetasuna kanporatzea lortzen duen horietakoa. Beraz, erreakzionatzeko behar izan ditudan pare bat segundo hartu, eta ez esatekotan egun osorako damutuko ninduten hitzak oparitu dizkiot: “¿lo dirás porque tú hablas solo 5, no?”. Ez dit ezer eran-tzun. Goraino iritsi gara gainera. Eskerrak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide