Jarrai dezagun ekintzaile izaten

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2023ko api. 17a, 08:32

Apirilak 16, Ekintzailearen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, gure eskualdean ekintzailetzak duen garrantzia balioetsi nahi du Iraurgi Berritzenen Ekintzailetza arloko lantalde teknikoak.

Enpresa berrien sorreraren ikuspegitik, ekintzailetza izugarrizko erronka da, eta askotan, egitasmo horren arrakasta edo arrakasta eza ekintzailearen izaeratik haratago doazen aldagaien esku dago. Edozein kasutan eta inongo dudarik gabe, ekintzailetzak eskualdean aberastasuna sortzen laguntzen duela esan genezake, eta gainera, enplegua sortzeko gaitasuna duela.

Ekintzaile izatea jarrera bat da, eta baditu ekintzaileak hainbat bereizgarri: lanerako gaitasuna, diziplina, eta negozio aukera bat non dagoen eta non ez dagoen jakiteko suma.

2022an, Iraurgi Berritzenen zerbitzuetatik pasatu diren 28 enpresa berri sortu dira, eta teknikariak ziur daude gehiago ere badirela, beste bide batzuetatik sortu diren enpresak, gure eskualdean.

Iraurgi Berritzenek, bere Ekintzailetza zerbitzutik pasatu diren ekintzaileen irudien bidez, errekonozimendu txiki bat egin nahi die gure eskualdean sortu diren egitasmo guztiei. Jarraian duzue osatu dugun ikus-entzunezkoaren linka:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide