Urola Erdiko zientzia eta teknologia azoka egin dute eskualdeko ikastetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko eka. 14a, 16:10

Iraurgi Berritzenen eskutik, III. Zientzia eta Teknologia Azoka egin da gaur Azkoitian, ikasturtean zehar bailarako ikastetxeetan landutako proiektuak erakusgai jarriz. Proiektuan parte hartu dute Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak eta Azkoitia BHIk eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri ikastolak eta Urola Ikastolak.

Aurten, hirugarren urtez jarraian, eskualdeko gaztetxoen artean ZTIM –Zientzia, Teknologia, Ingenieritza eta Matematika– gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. Ekimenak, Iraurgi Berritzenen sarearen baitan, orain bizpahiru urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.

Iaz landu zen ekimenarekin alderatuta zenbait berrikuntza ekarri ditu aurtengo edizioak eta bi fase nagusitan egituratu da hau. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.

Bigarren fasean, berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatu dituzte. Oro har, eskualdeko 8-10 irakasle eta 250 gaztetxo inguru aritu dira proiektu ezberdinen lanketan.

Hauen garapenean zehar, sor zitezkeen zalantza ezberdinei aurre egiteko Elhuyar fundazioaren gidaritza izan dute. Gainera, Elhuyarrek duen hainbat unibertsitateetako ikertzaile boluntario-sareari esker, Euskal Herriko ikertzaile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute ikasleek. Gaiaren inguruan izan zitzaketen zalantzak argitzeaz gain, hauen esperientzia nahiz eguneroko jarduera zein den ezagutu ahal izan dute.

Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira ordu eta erdiz.  Azokan, guztira, honako proiektuen parte hartzea izan da: "Bizilagun mikroskopikoak" (Biologia), "Ibaien ekologia" (Biologia), "Robotak programatzen" (Informatika), "Frutaren oxidazioa ikertuz" (Kimika), "Gozokien kimika" (Kimika), "Prototipogintza" (Teknologia), "Elkar-maker" (Teknologia), "Kristalografia" (Zientzia aplikatua) eta "3D inprimakiak" (Teknologia).

Ekitaldian zehar, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako udal ordezkariek hartu dute parte. Hauek arduratu dira, batetik, ekitaldia ireki eta bertaratutakoak agurtzeaz eta azkenik, ekitaldi amaieran diplomak banatzeaz.

Proiektuak, epe luzera jarraipena izan nahi du eta eskualdeko eragile ezberdinen elkarlana oinarri hartuta, eskualdean zientzia eta teknologia arloei lotutako gaitasun eta zaletasunak sustatzen jarraitzea nahi da.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide