2015ean Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan jasotako kontsultak eta erreklamazioak

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2016ko ots. 11a, 12:40

Azkoitia eta Azpeitiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak 2015. urtean zehar 482 kontsulta eta 204 erreklamazio bideratu ditu. Datu horiek aurreko urteko datuen oso antzekoak dira, izan ere, aurten 5 kontsulta gutxiago jaso dira eta 2 erreklamazio gehiago.

 

Kontsultatan urtero bezala, nabarmena da telefonoa eta gasa / argindarra arloekin erlazionatutakoak direla gehienak.  Bestalde komertzioa dugu aurten kontsulta kopurua gehien igo duen esparrua, izan ere joan den urtean 66 kontsulta jaso ziren arlo honetan eta aurten berriz 83 jaso dira.

Erreklamazioei buruz telefonoaren eta gasa / argindarraren arloko erreklamazioak gehitu ezkero, bulego honek bideratu dituen erreklamazioen % 84 osatzen dute ( ondoren komertzioa azaltzen da, nahiz eta alde handia egon arurreko biekin konparatu ezkero, izan ere telefonoaren inguruan 122 jaso badira eta gasa / argindarra 50 erreklamazio, komertzioan 16 erreklamazio jaso dira). 

Hau dena kontuan hartuta pasa gaitezen arloz arlo gauzak pixka bat aztertzera

KOMERTZIOA:  83 kontsulta eta 16 erreklamazio. Jaso diren kontsulta eta erreklamazio ia guztiak Internetez egindako erosketekin eta etxez etxe egindako erosketekin erlazionatuta daude (kontratua deusezeteko epeak, erositako produktuen bermea, itzulketak e.a.).

ETXEBIZITZA: 38 kontsulta  jaso dira. Jabeen komunitateek jabego horizontalari buruzkoak, alokatutako etxebizitzetan sortutako arazoak eta etxebizitza berrien bermeari buruzko bat edo bestek, osatzen dute arlo honetan jaso diren kontsultak. .

TELEFONOA: 111 kontsulta eta 122 erreklamazio. Aurten ere  azpimarratzekoak dira kontratazio telefonikoa dela medio sortu diren arazoak (telefono finko eta mugikorretan) , kontratuaren aldaketak eta hausteak, permanentziak eta  penalizazioak. Telefono mugikorrean berriz  fakturazio desadostasunak, SMS Premiunak nabarmendu dira.  Telefono fijoan berriz konpania aldaketakin sortutako arazoak azpimarratu ditzakegu, Movistarreko teknikoen greba dela medio.

ELEKTRIZATEA/GASA:  95 kontsulta eta 50 erreklamazio.  kontuan hartzekoak izan dira kontratatzen diren zerbitzu estra edo gehigarriak, gehiegizko fakturazioa, okerreko fakturazioa, mozketa e.a. lotutakoak osatzen dute arlo honetan sortu diren arazoak.

ASEGURUAK:  36 kontsulta jaso dira.  Nola erreklamatu zure aseguru konpainiari, baja emateko epea eta era, primen igoeren informazioa ordaindu aurretik, kontratatutako garantiei buruzko informazioa eta bidaia aseguruak osatzen dute arlo honetan jaso diren kontsulten datza.

GARRAIOAK:  13 kontsulta eta 4 erreklamazio. Lur eta aire zerbitzuei lotuta  atzerapenak, deuseztapenak, ekipajearekin arazoak izan dira batez ere kontsultatu eta erreklamatuenak.

BANKU ZERBITZUAK:   28 Kontsulta eta 2 erreklamazio. Komisioak, kontratatu gabeko aseguruen kobruak, lur klausulak, irph-ak, osatzen dute arlo honetako ekintzak.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOA:  22 kontsulta eta 4 erreklamazio  bideratu dira. Denak enpresa pribatuak kudeatutako zerbitzu publiko desberdinekin erlazionatu daude, uraren fakturak, polikiroldegiko tasak, garraio publikoaren tasak, etab.

LAGUNTZA TEKNIKOKO ZERBITZUA: 13 kontsulta eta  3 erreklamazio jaso dira. Fakturekin eta egindako lanarekin desadostasuna, bermeari buruzko kontsultak, eta baita ere  zenbait zerbitzu teknikoekin sinatutako kontratuei buruzko argibideak izan dira arlo hau osatzen duten kontsultak.

ETXEZ ETXEKO ZERBITZUAK: 5 kontsulta bideratu dira, gaizki egindako lanen eta bermearen ingurukoak izan dira denak.

HOTELAK ETA  BIDAIA AGENTZIAK: 8 kontsulta jaso dira arlo honetan. Deuseztapenak bidaia hasi aurretik, aldaketak bidaia hasi eta gero, informazioa akatsak osatzen dituzte arlo honetako jaso diren kontsultak.

BESTEAK  arloan 30 kontsulta eta 3 erreklamazio sartu dira hala nola:  akademiak, zerbitzu juridikoak,dentistak, abokatuak, morosoen fitxeroak etab.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide