Saskibaloia eta ingelesa uztartuko diren udalekuak antolatu ditu ISBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2019ko ots. 4a, 18:26
Argazkian, ISBk antolatutako topaketak.

Saski Summer Camp izena jarri diete ekainaren 24tik 28ra egingo dituzten udalekuei. 2006tik 2011ra bitartean jaiotako neska-mutilei daude zuzenduta, eta plazak mugatuta daude. Prestaketa fisikoko saioak ez ezik, fisioterapiaren gaineko solasaldiak eta igerilekura irteerak egingo dituzte udalekuetara animatzen diren gaztetxoek. Gainera, ordubetez landuko dute ingelesa egunero.

Saskibaloia, aisialdia eta ingelesa uztartuko dituzten Saski Summer Camp udalekuak antolatu ditu Iraurgi Saskibakoi Taldeak ekainerako. 2006tik 2011ra bitartean jaiotako neska-mutilei zuzendutako udalekuak izango dira, eta ekainaren 24tik 28ra egingo dituzte, Azpeitiko kiroldegian eta Urola Ikastolan.

Parte-hartzaileek 10:00etan hasiko dituzte udalekuak egunero, eta 18:00etan amaituko dituzte. Bazkaria ere udalekuetako lagunekin egingo dute. Prestaketa fisikora bideratutako entrenamenduak, fisioterapiaren gaineko solasaldiak eta igerilekura irteerak egingo dituzte udalekuetara animatzen diren gaztetxoek. Egun bakoitzean ordubete ingeles saio bat jasoko dute udalekuetako parte-hartzaileek. Lolo Encinasek eta Goar Artetxek gidatuko dituzte prestaketa fisikoko saioak.

Gaur, otsailak 4, ireki du ISBk Saski Summer Cump udalekuetako izen-ematea, Interneten. Azpeitiko eta Azkoitiko Kirol Patronatuetako bazkideek 175 euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Gainerakoek, aldiz, 225 euro. Saski Summer Campeko kamiseta, prakak eta diploma jasoko dituzte udalekuetako gaztetxoek.

Plazak mugatuta daudela azaldu du ISBk. Gainera, Azkoititik autobusa jarri edo ez aztertzeko asmoa agertu du saskibaloi klubak: "Izena ematen duten gaztetxoen kopuruak esango digu ea Azkoititik autobusa jarriko dugun edo ez". Informazio gehiago nahi duenak 675-70 70 10 telefonora dei dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide