Iraurgiko neska-mutilak Jakan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2018ko mai. 4a, 11:21

Denboraldiko topagune politenetik itzuli dira dagoeneko Iraurgi Saski Baloiko jokalariak. Sabiñanigon, Panticosan, Villanuan, eta, nola ez, Jakan izan ditugu 2002-2008 urte bitartean jaiotako 150 haurrak, gazteak, eta entrenatzaileak; harmailetan, ehunka guraso, hamalau taldeak animatzen.

Irrikaz itxaroten duten txapelketa da Pirinioetako Kopa, 'Jakako torneoa', eta maiatzaren 1a arteko zubia ondo baliatu zuten saskibaloiaz eta euren arteko zein kanpoko neska-mutilekin izandako harremanez eta esperientziez gozatzeko. Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, asteburu luzea eta polita pasatu genuen.

Lehiaketa arloari eutsiz gero, Grupo Zaher ISBko kadete mutilak txapeldun izan dira, eta Sarralle ISBko infantil aurreko neskak txapeldunorde, finala puntu bakar batez galdu ondoren. Gainera, bi taldeotako Joseba Azpillaga eta Doltza Oiartzabal izendatu dituzte txapelketako MVP edo jokalari onenak.

Gainerako taldeek ezin izan dute finaletan sartu, baina maila bikaina erakutsi dute, eta hurrengo urtean azkoitiarrez eta azpeitiarrez beste lau autobus bete, Pirinioetara itzuli eta aurtengoa hobetzeko asmo argia azaldu dute. Aupa Iraurgi!

Saskibaloi uholdea maiatza amaitzeko

Benetako saskibaloi eta haur uholdea izango dugu maiatzaren 26 eta 27an Azpeitian; izan ere, 500 neska-mutil inguru espero ditugu gure kantxetan eta kaleetan, Iraurgiren V. Saskibaloi topaketan parte hartzeko.

Durangoko Tabirako, Bilboko La Salle eta Balmaseda bizkaitarrak, Amurrio Arabatik, eta Ordizia, Easo, Arrasateko Ointxe eta Urretxuko Goierri izango ditugu gure artean, noski, etxeko Iraurgi SBrekin batera.

Guztira 40 taldek hartuko dute parte, 2007, 2008 eta 2009an jaiotako neska-mutilek osatutakoak. Topaketa hilaren 26an, arratsaldez hasiko da, eta igandean goizez jarraituko dute neurketek; eguerdian Sanagustinen bazkaltzeko tartea hartuko dute eta, ondoren, finalerdiei eta finalei ekingo diete. Beraz, maiatzaren 26 eta 27an, adi uholdearekin!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide