Kamerarik ez! Kontrol sozialik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko GKS 2021ko abe. 20a, 08:38

Azkoitiko Udalak kamerak jarriko ditu herriko sarrera-irteeratan. Abenduaren 22an onartuko dituzten aurrekontuetan emango diote argi berdea proposamenari. Kamerak matrikula zaintza sistemaren aitzakiapean jarriko dituzten arren, kontrol soziala areagotuko dute horiek eta herritarrek egiten duten mugimendu oro kontrolpean izatea lortuko dute. Zergatik jakin behar dute noiz sartzen eta irteten garen herritik? Zertarako behar dute informazio hori? Kamerak jartzea al da segurtasunerako eta jendea zaintzeko eredua? Oinarrizko eskubide batzuk urratzen ari dira. Testuinguru kontrolatu eta errepresibo bat ezartzen ari dira, eta hori onartezina da!

Jendea gero eta pobreagoa da, langabezia kronikoa da eta ezegonkortasuna gaur egungo errealitatearen zentroan dago. Gainera, kriminalizazio kanpainak, eskubide gabetzeak eta kontrol sozialaren areagotzea erabatekoak dira langile klasearentzat eta gazte proletarioontzat. EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Azkoitiko Udalak pobretze eta eskubide politikoen murrizketen testuinguru horretan erabaki du kamerak ezartzea. Oposizioan dauden EH Bilduk eta Azkoitia Baik, aldiz, ez dute txintik ere esan horren aurka. Beste behin ere, argi gelditzen da egungo alderdi politikoek zeinen interesak defendatzen dituzten, baita beren burua aurrerakoitzat duten horiek ere.

Azkoitiko GKSk Azkoitiko Udalari exijitzen dio kamerak ez ditzala ezarri; kontrol soziala areagotzen eta eskubideak murrizten dituen neurri ororen aurrean aurkituko gaituzue. Era berean, Azkoitiko gazteei alderdi politikoetatik kanpo antolatzera dei egiten diegu. Gazte proletarioen antolakuntza independentea bultzatzera eta guztion eskubide politikoen alde borrokatzera animatu nahi ditugu.

Adi aurrerantzean aurrera eramango ditugun dinamikei! Antolatu eta borrokatu!​​​​​​​

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide