Azkoitia Bai herri plataformak maiatzeko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko mai. 25a, 10:05

Azkoitia Bai herri plataformako maiatzeko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak bildu ditu honako ekarpen honetan.

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Arau Subsidiarioen 5. aldaketaren behin betiko onespena.

Guk aurretik ere esan genuen guretzat Txalon Erreka eta Intsaustiko batetik besterako aldaketa horretan, garrantzia babestuak pribatuen aurretik egitean legokeela. Nahiz eta hori ez dagoen ziurtatzerik, dirudienez erabaki honek bidea leunduko luke, eta horrek abstentziora garamatza.

3.- Azkoitiko Basarte 25. HE-ko 1 lursailaren Xehetasun Azterlanaren behin betiko onespena.

Dirudienez, horrela esan baitigute hirigintza sailetik, eraikigarritasuna ez da aldatzen, hau da metro karratuak errespetatzen dira, beraz guk ez diogu inongo eragozpenik ikusten eta beraientzat antolakuntza hau hobea bada, gure partetik aurrera.

4.- Gipuzkoako Foru Aldundiari Burdinoleta 1 eta 2 zenbakian dauden bi ondare finken lagapena onartzea, eguneko zentroaren zerbitzuak emateko.

Berriro gogoraraziko dut, Herrilab parte hartze prozesuan bete betean geundela zeuek bakarrik hartutako erabakia izan zela, hau da, herritarren eta oposizioko taldeen iritzia jaso gabe. Beraz jokaera aldetik zeharo deserosoa izan dela ezin ukatu. Dena den, azken finean eguneko zentroa herrira jaisteko erabakia ona dela esango genuke eta gure onarpena emango dizuegu, hori bai, martxan jarri ondorengo kudeaketaren gainean egoteko eskaera luzatzen dizuegu beste alderdi denoi, eraikin on baten adinako edo garrantzia gehiago duelako kudeaketa eta hartu-eman egoki batek.

5.- Euskadiko Udaltzain kidegoetako oinarrizko eskalako Agente Lehena kategoriara igotzeko lehenengo hautaketa-prozedura kudeatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari kudeaketa materialaren gomendioa emateko hitzarmenaren onespena.

Esan digutenez ekonomikoki ez da igoera handirik egongo eta beste agente lehen batek kudeaketan lagunduko duela dirudienez, gure aldeko bozka duzue.

6.- 2022ko Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, San Jose Egoitza eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren Kontu Orokorren eta Kontu Kontsolidatuen onespena.

Kontuak ondo eginak egongo direla ez dugu zalantzan jartzen, udaletxeko kontu-hartzailetza saileko teknikoekin konfiantza osoa baitugu, baina Azkoitia Lantzeneko partaide ez garenez, eta gure ustez sozietate anonimo horretako kontuak sortu zituzten bezala, irtenbidea ematea ere, bai orduan eta baita orain, bereziki udal gobernuan dagoen alderdiaren erantzukizuna denez, ezetz bozkatuko dugu.

7.- Udal ondasun eta eskubideen Inbentarioaren onespena.

Inbentarioa ondo egina egongo dela ez dugu dudarik egiten, baina San Jose egoitzaren lagapena egin zenean, gure ustez 110. Artikuluko a) atala betetzen ez zelako, hau da, artikulu horretan jartzen den bezala aldundiari utzi ezkero, bertako egoiliarren ongizatea hobetuko dela sinesten ez dugulako, eta bestela azken urtetakoa ikusi besterik ez dago, aurka agertu ginen. Beraz erabaki honekin bat egiten ez dugunez abstenitzera garamatza.

8.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Tenis pisten lurra konpontzeko kreditu globala erabiliko denez, partida honetan ez da apenas dirurik geratuko. Gu partida honetan diru asko jartzearen aldekoak ez gara sekula izan, baina 20.000 euroko neurria ondo dagoela iruditzen zaigu. Bestalde, ea etorkizunera begira pista hauen mantentze lanak egiteko neurriak hartzen ditugun. Skate parkea egin beharra dagoela alderdi denok ados gaudela dirudi, ea herritarrekin elkarlanean dituzten behar denak asetzeko kapaz garen, eta lehenengo pausu honi jarraipen egokia ematen diogun.

9.- Iruzurraren aurkako Azkoitiko Udalaren Adierazpen Instituzionala onartzea.

Badakizue mozio eta adierazpenen aurrean gure iritzia zein den. Denon artean landutakoak izan behar luketela eta ez beste norbaitek bidali eta onartu beharrekoa, aurre eztabaidarik gabe. Dena den Europako funtsak jaso ahal izateko adierazpen honi baietza eman behar badiogu bai ala bai, gure oniritzia duzue, baina diru hori jasotzeko sinatu beharretik aparte ez dugu uste beste ezertarako balio duenik, hemen idatzita dauden iruzur, ustelkeria… Eta beste hainbat gauza egitea norbaitek pentsatuta balu ere, ez lukeelako hemen eta orain aitortuko.

10.- Azkoitiko Udaleko udal kargu publikoen etika eta gobernu onaren kodea.

Jokabide kode honek behintzat zeregin konkretu batzuk markatzen ditu, etika batzordearen zereginak, kontsultak eta salaketak aurkezteko modua, … nolabaiteko kontrola ekarriko lukeen gaiak dira eta nola ez, alde gaude.

11.- Azkoitiko Udalak berreskuratze, eraldaketa eta erresilientzia planaren kudeaketan iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoen plana onartzea.

Lan karga berezia ekarriko duela ez dago zalantzarik, baina batik bat politikan aurretik eginiko iruzurrak, besteoi, horrelako kontrol ezartzea dakarkigu gardentasuna eta zintzotasuna mantentzeko. Plana aldatzen joan daitekeela ere badakigu, beraz, beste zerbait bururatzen bazaigu jakinaraziko dizuegu, baina momentuz hemen eta orain onartzera goazena ondo dagoela iruditzen zaigu eta alde bozkatuko dugu.

12.- Behin betiko onespenen berri ematea.

13.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

14.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide