Azkoitia Bai herri plataformak martxoko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko mar. 30a, 08:32

Azkoitia Bai herri plataformak martxoko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak irakur daitezke honako artikulua honetan.

1- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2- Udal langileen 2023ko ordainsarien igoeraren onespena.

Estatuan abenduan onartu zuten igoera. Eusko Jaurlaritzak, berriz, orain gutxi berritu ditu. Gure udalean, urtero legez, bi erakunde horietan ezarri ondoren hasten gara aplikatzen; hori bai, urtarrilaren 1etik sortu diren atzerapenak ordainduz. Langileei ezarri dakiekeen igoera handiena izanik, ez dago arazorik. Baiezkoa emango diogu.

3- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Eraikin publikoetako babes planen eta sistemen berritzeak bai ala bai egin beharrekoak dira.

Urtero ematen diren dirulaguntzetan ez dugu aparteko eragozpenik ikusten.

Egoitzako igogailua presaka egiteko, ezinbestekoa da herriko zaborraren bilketarako jarrita genuen diru kopurutik ateratako 650.000 euroak bueltatzea.

Azken orduan, laguntzak onartu dizkigutela ikusita, Xabier Munibe Ikastolan egingo diren obretako dirua jartzearekin ados gaude.

Errausketen ordenantza aldaketaren alde azaldu ginenez, labearen egokitzapena egiteko gure oniritzia duzue.

Ez gara kreditu globalean diru gehiegi sartzearen aldekoak, azken finean, hori Udal Gobernuak nahi eran erabiltzeko partida bihurtzen baita. Bestalde, Urolako Industrialdeak SPRILURi, enpresa garapenerako euskal agentziari, diru bat zor diola diozue. SPRILUR enpresa eta industria guneen garapenean lagungarri izateko sortu zuen Jaurlaritzak. Aspalditxotik Urolako Industrialdeak, UISAk, diru bat zor diola dirudi, eta zor hori kitatzeko kapital handitze bat egin beharko dela. Gure herriarentzat, nahiz eta lau urtetan ordainduko dugun, 332.000 euro diru asko da.

Aurreikusitako ordainketei aurre egitea ezinezkoa izango dela diote berriro ere. Gure bailaran industriaren gelditzea, pandemiaren eragina, prezioen handitzea eta horren ondorioz, enpresariak ere inoiz baino zuhurtzia handiagoarekin mugitzen direla idatzi dute bidali diguten txostenean. Ez hori bakarrik, diotenez etorkizun hurbilera begira ere ez da hobetuko egoera. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esanetara dago SPRILUR, eta Urolako Industrialdean berak du zatirikhandiena, erdia baino gehiago, %53,23a, hain zuzen. Aldundiak du beste %22,24. Beraz, erabakitzeko ahalmen handirik ez dugula dirudi.

Eta azkenik, 2008. urtearen bueltan egindako handikerien ondorioz hartutako obligazioen ondorioak datozkigu berriro. Urte haietan, Azkoitia Lantzen sozietate anonimoa sortu zuen Azkoitiko Udalak, etxebizitzen espekulazioan tartaren zati bat eskuratzeko asmoz, eta besteak beste, Txalonerrekako bidea egiteko betebeharra hartu zuen. Duela hamabost urte sortutako sozietate hari oraindik ere buelta eman ezinik ari zarete. Gure herrira begira emaitzarik onenak opa dizkizuet, baina gai horietan gure parte hartzea ez zenutela izango ni udaletxean sartu bezain pronto esan nizuen. Ea Altamira, Gurutzeaga, Intsausti eta Txalonerrekan hartuta ditugun obligazio guztiei buelta emateko gai garen eta enpresa pribatuen jolasak ahazten ditugun. Abenduan 750.000 euro jarri zituen udalak Azkoitia Lantzenen arazoak zuzentzeko. Orain, nahitaez, bide hori egiteko beste 1.500.000 euro gastatu beharko ditugu, eta ez dugu uste herritarra mugimendu horien jabe denik.

Beraz, esandako guztiagatik, nahiz eta diru mugimendu batzuen alde egon, Azkoitia Lantzenen kontuak tartean izanik, gure ezinbesteko ezezkoa.

4- Urola Industrialdea, S.A.-ren kapital handitzearen Azkoitiko Udalaren harpidetza onartzea.

Hemen nahikoa garbi dago erabakiak hartzen dituena SPRILUR erakundea dela. Erakunde hori  Jaurlaritzaren babesean dago. Beraz, jakina da Jaurlaritzaren oniritziarekin hartzen dituztela erabaki guztiak. Aurreko puntuan aipatu dugun bezala, eman dizkiguten argudioak irakurri ondoren, gure bailaran industriaren gelditze bat pairatzen ari gara. Pandemiaren eragina, prezioen handitzea eta horren ondorioz enpresariak sekula baino zuhurtzia gehiagorekin ari dira mugitzen, eta diotenez etorkizun hurbilera begira egoera ez da hobetuko. Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak, berriz, kontrakoa aireratzen du: hazkundea izango dugula, langabezia murrizten joango dela... Gaur bertan irakurri berri dut 2024. urterako sortzea espero zen enplegua urtebete aurreratuko dela... Guztia ondo doala dirudi. Beraz, bata edo bestea gezur txikiren bat esaten ari ote diren errezeloa sortzen zaigu guri. Komunikabideetan dena polita dela saltzen diguten bitartean, azpitik horrelako arazoak daudela azaltzen datozkigu dirua behar dutenean. Azkoitia Bai herri plataformak sortutako erakundeak ez direnez, eta azkoitiarron 332.000 euro zertan erabiliko diren azaltzeko denbora apur bat hartzen ez denez, kontra bozkatuko dugu.

5- 2023ko 1. konpromiso kredituaren hasierako onespena.

Esan bezala, 332.000 euro guretzat diru kopuru handia da. Kontu horietan Azkoitia Bai herri plataformak erabaki gutxi edo bat ere ez duela hartu kontutan hartuta, eta esan bezala, ardura gehien Jaurlaritzak duela jakinik, aurreko argudio berdinak jarraituz ezin dugu gure baiezkoa eman.

6- 2023-2025 dirulaguntzen plan estrategikoaren 1. aldaketaren onespena.

Dirulaguntza hauek bai ala bai Plan Estrategikoan txertatzeko obligazioa dugunez, alde bozkatzea besterik ez dugu aurreikusten.

7- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre Elkargune Institutuko 1. zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Jakinik gehientsuena erabiltzaileek eskatutakoa eta egoera onean ez dauden elementuak konpontzeko izango dela, baietz bozkatuko dugu.

8- 2023ko Araudi Planaren onespena.

Azken urteetan behartuta gaude horrelako aurreikuspen bat egitera. Hurrengo urtera begira zer ordenantza, irizpide, laguntza, berri edota aldaketak jasatea espero diren zerrendatu behar izaten ditu udalak. Aurten, zuen hitzen arabera, ez diozue buelta gehiegi eman. Pasa den urteko berdina aurkeztu diguzue, egin diren aldaketak kenduta, noski. Dena den, aurten hauteskundeak izango ditugula jakinik, eta maiatzetik aurrera Udal Gobernuan zeintzuk egongo diren ez dakigunez, horrela uztea onartzen dizuegu. Baietz bozkatuko dugu.

9- 2023 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostu zerrendaren 1. aldaketaren hasierako onespena.

Gaur egun, behin-behinean lanean dagoen pertsona bat dago. Beraz, funtzionamenduan ez dugu aldaketarik izango, eta hori horrela izanik, baietz bozkatuko dugu.

10- Udalaren Umansoro eremuko finken izaera juridikoaren aldaketa onartzea.

Aurreko pausoa ematearen alde azaldu ginen, eta orain ere gure baietza emango dizuegu. Hasieran emandako argudioen ondoren ez dugu aldaketarik nabaritu.

11- 2023ko Udal inbentarioa partzialki onartzea, Burdinoleta kaleko 1 eta 2 zenbakian dauden bi finkak ondare ondasun izaerarekin alta emanez.

Eguneko zentroa non eta nola eraiki erabakitzeko erabili duzuen prozedurarekin ez gatoz bat, herritarren parte hartzerik ez baita izan. Dena den, lokal horiek udal inbentarioan sartzea onartzera goazenez, baietz bozkatuko dugu.

12- Azkoitiko Udalaren, Elkargune-Zubiaurre Institutuaren eta San Jose Egoitzaren 2022ko aurrekontuen likidazioaren kontu-hartzailetzako txostenen eta alkatetza dekretuen berri ematea.

13- Behin betiko onespenen berri ematea.

14- Aurrekontuari buruzko informazioa.

15- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide