Azaroko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko abe. 2a, 17:05

Azkoitia Bai herri plataformak azaroko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu hemen.

1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2. Azkoitiko hilerriko errausketa labean ematen diren zerbitzuak
arautzeko ordenantzaren aldaketa hasierako onespena.

Badirudi gorputz errausketekin ere batzuek etekina ateratzen dutela eta gure herria erreketen paradisu bihurtzen ari dela. Bromak aparte, eta labea izorratu aurretik, gutxienez herritarrenak bermatze aldera, ordenantzaren aldaketa hau beharrezkoa iruditzen zaigu.

3. Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko
kontratuaren esleipenaren onespena.

Herritar gehiago dago beharrean, esleipen berria izanik, ia beti bezala, kostuak ere gora egingo du, baina nahiz eta aurretik ere, esleipen honetan parte hartu duten teknikariak zoriondu, hemen, denon aurrean, berriro ere zoriontzea ez zait batere kostatzen, eta beraz, berriz ere zorionak egindako lanagatik. Kostua igo egingo zaigu bai, baina zerbitzua norentzat den jakinik eta udaletxeko teknikarien lan egokiaren ondorioz, diru horren %90eko gutxiengoa, zaintza lan hauetan diharduten, gaizki ordaindutako emakume langileen soldatetara bideratuko dela jakiteak, jartzera goazen diruak, benetan jartzea merezi duela ez digu inongo zalantzarik sortzen eta gustura emango dugu gure baiezkoa.

4. Aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen kudeaketa
materialerako, Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren
arteko kudeaketa gomendioa arautuko duen hitzarmenaren onespena.

Badirudi, azken unean, udaletxeko postuen kontsolidazioen baitan arazotxo batzuk sortzen ari zaizkigula. Udaletxe bakoitzak ez du prozesu honi aurre egiteko hainbeste baliabide. Beraz, nahiz eta aurretik beraiek ezarritako baldintza batzuk onartzera derrigortzen gaituen, geuk gureak jartzeko parada ere ematen digu. Ulertzen dugu prozesua konplikatua dela, eta gaur egungo udaletxeko langile denen postua finkatzearen alde zaudetela ez dugu dudarik egiten, baina hori ezinezkoa dela jakinez, irteera egokiena erabiliko duzuelakoan, alde bozkatuko dugu. 

5. Azkoitiko Udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.ren arteko hitzarmenaren onespena, alokairua sustatzeko laguntzak izapidetzeko. 

Azkoitia Lantzenek existitzen duen bitartean normala iruditzen zaigu bertako langileari egin beharrak ematea, gainera aspalditxotik egiten ari den lan hau ondo egiten duela deritzogu, baina Azkoitia Lantzen tartean izanik ezetz bozkatuko dugu.

6. Korreo Berri, S.L.k Azkoitiko Plangintzako Arau Subsidiarioetako 14. sektoreko (Ugarte Igara) Urbanizatzeko Jarduketa Programa behin betiko onartzen duen 2008ko martxoaren 13ko Alkatetzaren Dekretuaren inguruan ofizioz berrikusteko egindako eskaera ezestea onartzea. 

Puntu honetan beti esan ohi dugun berdina. Udal honi norbaitek dirua zor badio, eta jakinik, dakigun bezala, ordaintzeko nahiko baliabide duela, arrazoia gurekin dugula pentsatzen dugun bitartean, kobratzeko ahalegina egiten jarraitzearen alde gaude, beti bezala lan hau egin behar duten teknikariei animoak emanez. 

7. Azkoitiko udalaren zerbitzura diharduten langileentzat, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, %1,5eko ordainsarien igoera gehigarria baimentzea

Gaur egungo egoera ikusita ez zaigu inondik inora igoera handia iruditzen, baina topea hau dela informatu ondoren, baietz bozkatzea besterik ez dugu aurreikusten.

8.- Azkoitiko udalaren dirulaguntzen oinarri orokor eta espezifiko arautzaileen aldaketaren hasierako onespena. 

Euskara, gobernuz kanpoko eta irabazi gabeko erakunde, ingurumen eta merkataritza gaiak dira oinarri hauetako kontuak. Aurretik ere alde azaldu gara eta gainera jendaurrean egongo dira. Beraz ez diogu inongo eragozpenik ikusten eta alde bozkatuko dugu.

9.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 4 zenbakidun espedientearen onespena.


Garbi dago urte bukaeran soberan dauden partidetatik aterako dela dirua. Maileguen interesak ere goraka doazela dagoeneko denok izango gara jakitun, euskara ikasteko ikastaroak ordaintzeko jarri behar den dirua jartzeko beti egon gara prest, herri gunera sartzeko pibotek eman dituen arazoei ere irtenbide bat eman beharra dago eta patrimonio kontuetan herriko adituari kasu eginez, elizatik zati bat ordainduko duen konpromisoa jaso duela kontutan harturik, gure baietza emango diogu kreditu transferentzia honi.

10.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 7 zenbakidun espedientearen onespena.

Lau puntutan diru hau jartzearen alde egongo ginateke, San Andres jai, Gaztan Enea, herrian hainbat pintaketa eta Baztartxon dauden arazoak zuzentzeko, baina Azkoitia Lantzen tartean egonik, eta gainera diru ia gehiena berriro ere sozietate horren arazoak zuzentzeko erabiliko direla jakinik, 750.000€, ezin baietzik eman. Azkoitiarrak ez gara pertsona harroak, baina garai haietan identitate hori hartu, eta harroenen pare jartzeraino iritsi ginen. Denok hartuko genuela eskarmentua pentsa nahi genuke, baina garai haietan ardura gehien nortzuk izan zuten badakigu denok, eta gaur egun, udaletxe honetan, gehiengoa duen alderdiko buru, lehengo berberak izaten jarraitzeak ere ez du zentzu handirik. Beraz, ea dagoeneko aspalditxotik agertu diguzuen nahi hori betetzen duzuen, oraindik udaletxearen babesean jarraitzen duen sozietate anonimo hori, Azkoitia Lantzen, desagerrarazten duzuen, udaletxetik enpresa pribatu izatearen jolasak ahazten ditugun, eta umiltasun osoz, azkoitiarren ongizatean soilik zentratzen garen. Bitartean beti bezala sozietate honen kontuei gure ezetza

11.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 2 zenbakidun espedientearen onespena.

Badirudi lehen gazteri arlotik hartu zen diru bat, berriro ere aurretik zegokion tokira bueltatzea besterik ez dela, beraz baietz bozkatuko dugu.

12.- Azkoitia Lantzenekin Lankidetza Hitzarmenaren baitan, Oñartxo Zabortegi Zaharrean Lixibatuen tratamendu zerbitzuak finantzatzeko, konpromiso-kredituaren onespena.

Hamargarren puntuan ere nahiko luzatu naiz, baina lixibatuen gai honek ere beti berotu izan gaitu. Oraindik ez digu inork argitu, zergatik irabaziak jaso dituen enpresa pribatu bateko kakak, guk garbitu behar ditugun. Tratu hau egin zutenak oraindik ez digute argitu, sinadura horrek, azkoitiarrontzako, non dituen onurak, zergatik sinatu zen, Azkoitiko udalak hartuko zuela eremu hori bere onera ekartzearen kargua.

Zaldibarko zabortegiaren oihartzuna ere oraindik presente dugu denok, han enpresako ordezkariek, gertatutakoaren arduraren ondorio, tokatzen zaien zigorra jasoko dutela pentsa nahi genuke. Ba hemen, gure herrian, hainbeste urtetan egiten ari garen, kutsatutako lur horien garbiketaren ardura, herritar denona dela dirudi, urtero urtero  95.000€ inguru jartzen baititugu. 

Beraz, nahiz eta badakigun, gure ibaia kutsatu  ez dadin neurriak hartu behar ditugula, gutxienez protesta modura , ezetz bozkatzen jarraituko dugu

13.- Trantsizio energetiko baten aldeko mozioak: Oletan ere ez taldeak, EH Bildu udal taldeak eta EAJ eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako mozioak.

Alderdi nazionalistak burujabetza hitza behin eta berriz darabilzue ezpainetan eta orain berriz Madrilgo enpresa pribatu baten esku uztera zoazte, zeuek diozuen bezala, hain beharrezkoa bihurtu zaigun energia burujabetza. Zeuek gustuko dituzuen hitzak erabilita, gure subiranotasun energetikoa Madrilgo enpresa baten esku utzi behar dugu? Badirudi enpresa hauek gain hartu digutela, eta kontsumitzen dugun energiari nahi duten prezioa jartzea gutxi ez dela eta, (adibide bezala, herri argiteriaren kontsumoa %80 jaitsi dugu, baina ia 2021eko kostu berdina aurreikusten da 2023rako) ba hori gutxi ez dela,badirudi orain beraiek aginduko digutela, non eta nolako eraikinak egin behar ditugun. Oletan 200 metrotik gorako lau errota jarriko dituzte, babestutako eremu megalitikoaren ertzetan bina, eremu megalitiko hori, aldenik alde zeharkatuko du lau errota horiek batzen dituen bideak, baina lasai, ez du inongo kalterik sortuko eta. Lehen ere Lurralde Plan Sektorialean errotak ipintzea debekatu zuten, baina orain soilik bide batek oso osorik zeharkatuko duenez, esan bezala ez dago inongo arazorik, ironiak alde batera utziz,benetan kezkagarria, ondarearen gainetik daudela ere nahiko agerikoa.

80ko hamarkadan, industria elektrointensiboak gure ibai denak kutsatzen zituen, eta orain gure mendiak errotez betetzera doaz. Hau da zuen etorkizuneko energia eredua? Dagoeneko Rajoiren lehengusuak ere badaki klima aldaketa gainean dugula, energia fosilak bukatzear daudela eta gaur egungo eredua sosten-gaitza dela. Beraz, irtenbide bakarra bakoitzaren, herritarren burujabetzan legoke gaur egun, eta burujabetza horretan udalak eredu izan behar luke. Hori horrela, 2023ko aurrekontuei begira, Azkoitia Bai herri plataformak, 250.000€ jarri ditu trantsizio honekin berehala hasteko, hori bai, hala eta guztiz ere, Oletako proiektua, begi onez ikusten ez dugunez, batzuek hori erabili nahiko dute Azkoitia Bai energia berriztagarrien aurka dagoela esateko.

Zuen kontra-mozioek dituzten izenburuak ikusita, badirudi orain ere, Capital Energy lagun hartuta, herria salbatzera zatoztela, batak herriarekin adostutakoa dela dio, eta biak ala biak trantsizio energetikoaren aldeko mozioak direla. Hemen ez dago inor kontra, are gutxiago, Oletan Ere Ez taldea, inongo irabazirik gabe hartu baitu, trantsizio arduratsu baten bidean, lana egiteko ardura. Eta Capital Energy aipatu dudanez, enpresa honen esku utziko ditugu trantsizio honen bidean herrian emango ditugun lehen urratsak? Ez al litzateke egokiago izango, beste proiektu denak bezala,gure herriaren energia beharrak, ditugun baliabideak eta beste hainbat azterketa egin ondoren, herritarra kontutan hartuz noski, gure herrirako eredu bat osatzea?   

Beste alderdiok Eusko Jaurlaritzari eskaera asko egiten dizkiozue, baina udal gobernu honen konpromisorik ez dut inondik inora ikusten. Azkoitiko udalak zer egin behar du klima aldaketaren aurrean? Nola lortu behar du burujabetza energetikoa? Azkoitia Bai herri plataformak jarri dituen 250.000€ horiei ezetza eman behar diozue?

14.- EAJ eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena euskararen nazioarteko egunerako.

Hau ere goitik iritsi zaizuen beste adierazpen estandar bat izanik, urteroko tramitea pasatzeko ekarritakoa, beti bezala aurka bozkatuko dugu, berriro ere, honelako adierazpenak, onura baino kalte gehiago egiten dutela adieraziz. Ez dela dagoeneko esan beharrik egongo pentsatu nahi nuke, baina badaezpada,  badakizue denon artean adostutako edozer ekintzetarako prest gaudela.  

15.- Behin betiko onespenen berri ematea.

16.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

17.- Galde-erreguak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide