Azkoitia Bai herri plataformak iraileko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko ira. 29a, 11:34

Atzo, irailak 28, iraileko udalbatzarra egin zuen Azkoitiko Udalak. Azkoitia Bai herri plataformak han esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu hemen:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Hiri antolaketako araudietako 5. aldaketa zehatzaren hasierako onespena, 10. sektorea 'Txalonerreka Ekialdea', 13. area 'Insausti' eta Araudi Orokorrari dagokiona.

Azkoitia Lantzeneko etxebizitzen burbuilak eztanda egin zuen garai haietako kontuak direla ahaztu gabe, oraindik beste urte batzuetan erabaki haien ondorioak jasango ditugula jakinik eta garai haietan sinatu ziren akordioei erantzuna emateko derrigortasuna dugunez, gaur egun Txalonerrekan etxebizitza libreak babestutakoez ordezkatzea, hartu daitezkeen erabakien artean egokiena izan daitekeela iruditzen zaigu eta alde bozkatuko dugu. Hori bai, Txalonerrekako etxebizitza babestuak, Intsaustiko libreen aurretik eraikitzeko hitza emanez gero, noski.

3.- Azkoitiko Irisgarritasun Planaren onespena.

Dokumentu bizi bat den heinean, noiznahi izan dezakegu aldaketak egiteko posibilitatea. Kanpoko enpresa batek egin du orain onartzera goazen plan hau, eta helburu garrantzitsuena plan zaharrean falta ziren eremu berrien identifikazioa izan da. Atzo bertan, hirigintzako tekniko buruari ñabardura batzuk aurkeztu genizkion igogailuen arloan. Intentzio onenarekin egina dela pentsa dezakegu, eta, esan bezala, aldaketak egiteko aukera ematen duenez, baietz bozkatuko dugu.

4.- Azkoitiko Udaleko langile izateko hautapen probetan parte hartu nahi dutenei beharrezko zerbitzuak emateagatik ezarririko tasa arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena.

Hasiera batean, ez du zentzu handirik proba publiko batera aurkezteagatik ordaindu beharra izateak, baina ditugun baliabideak eta udaletxea kolapsatzeko beldurra ere hor dagoela kontuan hartuta, etor daitekeen olatuari aurre egiteko guk ere ez diogu irtenbide egokiagorik aurkitzen, eta gure baietza emango diogu.

5.- 2023rako Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.

Herritarra jasaten ari den egoera nahiko berezia dela esan dezakegu. Hamarkada asko jo beharko genuke atzera egun bizitzen ari garen prezioen igoera ikusteko. Beraz, ez dugu inongo zalantzarik herritarra erdigunean jartzeko unea iritsi dela, eta, era berean, konbentzituta gaude ingurumena ere aintzakotzat hartzeko ordua iritsi zaigula.

Azken urteetako ildo beretik jarraituz, guk diru bilketa beste era batera egingo genuke, guretzat egokiagoa, eta batik bat, bidezkoagoa litzatekeelako. Aurten ere, azken urteetan bezala, landalur eta herritar bakoitzaren etxeko OHZn goitik gaude; aldiz, industria zergetan inguruko beste hogei herrien batez bestekoa baino zerbait beherago. Beraz, udaletxe honetako irizpide orokorra hori dela jakinik, hau da, erdigunean kokatzea, Azkoitia Bai taldea izango da oraingoan ere hitzaren jabe izaten jarraituko duen bakarra. Hirilur Balio Gehikuntzaren gaineko Zergan behetik gaudela diozue, eta igotzea proposatu diguzue; ea ba argitzen zareten. Kasu honetan denok adostu genuen formula erabiltzearen alde egiten duzue, hau da, beste hogei herrien konparaketan erdian kokatzea. Beste zerga batzuetan, berriz, ez duzue nahi erabili; dagoeneko herritar guztiei esaldi berdina bururatuko zitzaiela uste dut, "komeni denean bakarrik".

Herritarrak, ekonomikoki behintzat, dagoeneko eman dio udalari eman beharreko laguntza,. Etxeko kontribuzioan, azken bost urteetan, irizpenak dioen gainetik 744.419,74 euroko ekarpena egin du. Landa eremuan ere gehiago ordaindu da, eta industrian gutxiago. Gure proposamena da familiek eta baserritarrek gehiago ordaintzeari utzi, enpresariek azken urteetan izan dituzten abantailak baztertu, eta behingoz, guztion artean adostutako erabakia berriro betetzea.

Urteak daramatzagu, eta okerrera doazela ikusirik, urtero beste era bateko tasak eta zergak ezartzeko behar gehiago ikusten dugu:

  • Etxebizitza bat alokatzeko zailtasunak areagotuz doaz, eta herrian etxe hutsak dauden bitartean, irtenbidea ez da berriak eraikitzea. Etxebidek etxea alokatu bezala bueltatzeko bermea ematen digu; Eusko Jaurlaritzako sailburuak berak bultzatu izan du hutsik dauden eta etxea alokatu nahi ez dutenei errekargu bat kobratzea. Gazteek etxebizitza berri bat erosteko ahalmen gutxi dute, eta Etxebiden ez dago gaur egun alokatzeko behar beste etxe. Beraz, esango didazue irtenbidea non dagoen.
  • Gure mendiak basorik gabe gelditzen ari dira, eta mozketa arduragabeak egiten dituzten enpresek, gainera, herri bideak apurtuta uzten dizkigute, gero aurrekontuetan herritar guztiok jarritako dirua erabiltzera behartuz. Enpresa horiek landa bidak aurkitu bezala utz ditzaten, inguruko beste herri gehienetan bezala, fidantza bat eskatu behar da. Ondoren eukaliptoa landatu ez dadin, gainera, tasa bat kobratzearen aldekoak gara, bertako zuhaitz motak landatuz gero %100ean itzultzeko konpromisoarekin.
  • Historiko izenean kotxe zaharrak saritzea ere ez zaigu ondo iruditzen, asko kutsatzen baitute eta gehienak historiko izendapenetik, denok ulertzen dugun kotxe klasikoetatik, urrun baitaude. Badakigu badirela herrian pertsonak eta taldeak kotxe klasikoen munduan lanean. Ez dugu horietaz ahaztu nahi, eta gure babes osoa ematen jarraitzeko prest gaudela adierazi nahi diegu. Ez dira ibilgailu zaharrak soilik; atzean kultura-ondare bat dute atxikituta. Halre, elkarlanean zuzendu beharreko baimen eta izapide asko dagoela ere badakigu.
  • Eguzki plaka jartzeko asmoa duten herritarrei (edo beste energia berriztagarriren bat) lehen urtean laguntzak emateko hautua egingo genuke; industrian %25a eta herritarrei zein baserritarrei %50a eskainiz. Bestela ere nahiko zailtasun jartzen dira, eta ea jendea animatzen den. Bestalde, beharbada ez da puntu honetan tratatzekoa, baina badu zerikusia. Herriko etxe askotan plakak jartzea debekatuta dago, hirigune historikoan adibidez. Etxe horien teilatuen itxura eta plaka hauek ekarriko luketen energia independentzia, aurrezpena eta kutsadura murrizketa balantzaz jarri beharko bagenitu, gure taldeak ez luke zalantzarik egingo eta bigarren aukeraren alde egingo luke. Beraz, gaur egungo arau horien aldaketan berehala lanean jartzea eskatu nahi genizueke beste alderdioi.

Testu honen hasieran aipatu dugun bezala, badakigu zer egoeratan gauden. Udalari aurrera eraman nahi dituen proiektuak (epe motzera egin nahi baditugu behintzat) garestitu egingo zaizkiola jakitun gara.

Azken urteetan hartu ditugun erabaki guztiak txarrak iruditzen zaizkigula ere ezingo genuke esan. Adibide bezala, herri argiteriaren aldaketa erabili genezake. Udal Gobernu honen argitalpenen batek zioen gastua %82,6 arte jaitsiko zela. 2022. urterako 310.000 euroko partida jarri genuela kontutan hartuta, ezin ukatu, energia aurrezteaz gain, hurrengo urtetan ekonomikoki onurak ekarriko dizkigunik. Gure taldeak energia kontsumoa jaisteko pausoak emateko eta eredu berriak aztertzeko nahiz ezartzeko konpromisoarekin jarraituko du.

Gehiago ez genuke luzatu nahi. Aurtengo diru bilketa espero zenaren goitik doala informatu nahi dugu herritarra, baina gure proposamenik onartu ez denez, Udal Gobernuak dakarrenari aurten ere gure ezetza emango diogu. Hori bai, ahaztu gabe urtero aipatzen ditugun zaborraren tasaren estaldura. Era berean, URA erakundeari uraren kontsumo arduragabea gehiago zigortu beharko lukeela esan nahi diogu. 

6.- 2023rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen udal Ordenantzaren I. eranskinaren aldaketaren hasierako onespena.

Herritarren bizimodua asko garestitu zaigu azken hilabeteetan. Beharbada, beste lehentasun batzuetan joango zaigu dirua. Hori horrela, nahiz eta udalari ere dena garestituko zaion, ez dugu uste herritarrari momentu honetan ezer gehiago eskatzeko moduan gaudenik. Kirolak guztion osasunean duen eragina kontuan hartuta, prezioak bere horretan mantentzearen alde gaude orokorrean, baita fisioterapeutak eskatutako merkatu prezioarekin bat egiteak suposatuko duen igoerarekin ere. Bestalde, nahiz eta garrantzitsua den jarduera bakoitzean aterako den etekina, ez genuke nahi hori arrazoi bakarra izatea prezioak jartzerako orduan; pertsona gehiago sartzeko posibilitatea baldin badago edo material gutxiago behar bada, merkeago edo garestiago jartzea jarduera bakoitza. Guri, herritarraren ongizatera bideratutako inbertsio bat dela iruditzen zaigu, beraz, herriko zerbitzu bat izanik, ez genuke soilik jarduera bakoitzaren etekinean zentratu nahi. Herritarraren ongizateari garrantzia emanez, eta herri zerbitzu bat den heinean, jardueretan dauden prezio aldeak ez ditugu ondo ikusten, eta etekinari eman behar zaion garrantzia emanik, nahiago dugu herritar bakoitzak nahi duen edo ondo datorkion kirola egiteagatik berdintsu ordaintzea. Hori lortzeko, bi aukera ikusten ditugu: bat, jardueretan dauden prezio aldeak murriztea edo multikirola jarduera denetara zabaltzea. Denek berdin ordainduz gero, bakoitzak aukeratu dezala zer kirol nahi duen edo komeni zaion egitea. Gure ustez, etekinen irizpen soila erabiltzea baino hobeto legoke beste hau. Pasa den urtean gainerako alderdiak honi buruz eztabaidatzera gonbidatu genituen, baina aurrerapausorik eman ez denez, abstenitzen jarraituko dugu.

7.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 3 zenbakidun espedientearen onespena.

Teknikoki hobeto izendatuta egongo liratekeen aurretik dauden partiden toki aldaketa besterik ez denez, alde bozkatuko dugu.

8.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 5 zenbakidun espedientearen onespena.

Diru honen zatirik handiena udal eraikinen mantenurako bideratuko da. Ekitaldietarako ere eserleku faltan gaudela adierazi digute; berri ona da musika bandan jende gaztea sartzen ari dela jakitea, eta ezin dizkiegu jantziak ukatu. Topografikoki, berriz, neuk ohartarazi zintuztedan duela bost bat urte udalean zeuden arazoak zuzentzeko obligazioa genuela. Aurrekonturen batean ere diru kopuru bat jarri zen, nahiz eta gero berriro kendu. Politikoki hartu beharreko erabaki handirik ez dugu ikusten; eguneroko behar eta obligazioak baizik, eta beraz, baietz bozkatuko dugu.

9.- 2020-2022 Azkoitiko udaleko dirulaguntzen plan estrategikoaren 3. aldaketaren onespena.

Dirulaguntzak aldatzen diren bakoitzean plan estrategikoa aldatzera derrigortuta gaude, eta beraz, gure oniritzia duzue.

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

12.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide