Azkoitia Bai herri plataformak uztaileko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko uzt. 28a, 07:43

Azkoitia Bai herri plataformak uztaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak bildu ditu ekarpen honetan:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- HE 29 Gurutzeaga eremuaren Barne Erreformako Plan Bereziaren 1. aldaketaren behin betiko onespena.

Jendaurrean egon ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu. Geuk ere ez diogu aparteko arazorik ikusten aurkeztutako proiektuari, badirudi herrian ere ondo hartu dela, erosteko apuntea ematen ari den kopuru handia medio, beraz, baietza emango diogu.

3.- Azkoitiko landa auzoetako baserri bideetan elur kentze zerbitzua emateko auzolana arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena.

Jakinda urtero izango dugula prezio aldaketa egiteko aukera, gasolioaren garestitzea dela eta zentzuzkoa da beraien lanordua ere igotzea. Bestalde, elurra kentzen duten auzotarrek ere hala onartu dutela esan digutenez eta gaur egun jarri beharreko makinaria dena beraiek jartzen dutenez, ordenantzan ere horrela islatzea ondo iruditzen zaigu eta alde bozkatuko dugu.

4.- 2022 ekitaldiko lanpostu zerrendaren lehenengo aldaketaren hasierako onespena.

Badakigu plaza hau sortzea besterik ez dela puntu honen helburua, baina irizpenean beste hainbat gauza ere aipatzen direnez, suposatu daiteke gaur egun dauden lan poltsatatik hornituko garela, baina irizpenak dioen bezala karrerako funtzionario batek betetzea izango litzatekeela egokiena. Beraz, egonkortasun gaia ere kontutan hartuz, hemendik urte bukaerara egin beharreko egonkortasun plana burutu ondoren, hasi gaitezen plaza honen oinarriak prestatzen, etorkizunera begira udaletxean denontzat kultura arloan, orain arte bezala, erreferentzi garrantzitsu bat izan dezagun, eta hori dena gauzatzeko lan postu hau sortu beharra dagoenez, alde bozkatuko dugu.

5.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun espedientearen onespena.

Dirudienez pandemiaren eraginetako bat izan zen ekitaldi hauek bertan behera gelditu izana. Ordu-arte urtero egin eta laguntzen ziren ekintzak izanik, ez dugu laguntza hau kentzeko arrazoi berezirik ikusten, beraz alde bozkatuko dugu.

6.- 2020-2022 Azkoitiko udaleko dirulaguntzen plan estrategikoaren aldaketaren onespena.

Laguntza ematea erabaki ondoren, plan estrategikoan sartzeko obligazioa dagoenez baietz bozkatzea besterik ez dugu aurreikusten.

7.- 2021 ekitaldiko Azkoitiko Udalaren, Zubiaurre-Elkargune Institutuaren, San Jose Egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen Kontu Orokorren eta Kontu Kontsolidatuaren onespena.

Kontuak ondo eginak egongo direla ez dugu zalantzan jartzen, baina Azkoitia Lantzeneko partaide ez garenez, bertatik datozkigun gaiei ezetza ematea besterik ez zaigu gelditzen.

8.- 2021 ekitaldiko Udal Ondasun eta eskubideen inbentarioaren onespena.

Pasa den urtean eta aurten egin diren pare bat mugimenduren aurka agertu gara hasieratik, San Jose egoitzan egin direnekin hain zuzen, baina zerrenda hau osatzea teknikoki, ia automatikoki egiten den lan bat izanik, ez diogu eragozpenik jarriko eta baietz bozkatuko dugu.

9.- 2021 ekitaldiko Finantza Kontroleko urteko txostenaren berri ematea.

10.- 2021 ekitaldiko Plan Finantzarioaren emaitzen urteko txostenaren berri ematea.

11.- 2022 ekitaldiari dagokion Kontrol Finantzarioko urteko planaren berri ematea.

12.- Osasun sistema publikoa indartzeko mozioen onespena: EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa, eta EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa.

Hiru mozioak erantzungo dizkizuet batera. Enegarrenez esango dugu beti esan ohi izan duguna, mozio/adierazpenak batzordeetan landu behar genituzkeela. Oraingo honetan, osakidetzako mozioa luzatu eta gure iritzia eskatu diguzuela kontutan harturik, erantzun bat emango dizuegu, baina beti esan dugun bezala, hurrengoetan mozioa aurrera atera nahi duenak, batzordeetan gaia landu dezala, eta bestela badakizue gure ezetza izango duzuela. Pleno denetan gure taldeak esandakoa idatzita duzue, beraz badakizue honela lantzen diren mozioen aldekoak ez garela, azken plenoan ere berdina esan genizuen, beraz, benetan gaia ongi lantzea axola bazaizue, mozioak aurkeztu beharrean batzordeetan aztertzea eskatu nahi genizueke berriro, eta gero erabakiko genuke mozio bat aurkeztea izango litzatekeen erabakirik zuzenena. Alderdi denei oraintxe aipatu berri dugun hausnarketa, eta bide batez, zuen mozioei erantsiko genizkion beste pare bat kontu ere luzatu dizkizuegu idatziz, eta hauexek dira Azkoitia Bai-k zuen proposamenei erantsiko lizkiokeenak: Lehen arretako profil profesionalen barnean, hau da, zuen mozioetan agertzen ziren geriatra eta fisioterapeuten gain, dentista/odontologoen beharra ere ikusten dugula. Etorkizunera begira, medikuntza eta erizaintza plaza gehiago sortu behar direla unibertsitate publikoan. EH Bildu alderdia izan da soilik bi eskari hauek gehitu dizkiona bere mozioari eta beraz gure baietza emango diogu. EAJ/PSE alderdiek aurkeztu duten mozioan agertzen diren eskariak beteko balira ere aurrerapauso handia emango genuke, baina gure proposamenak erantsi ez direnez abstenitu egingo gara. Melillako mozioaren berri sarreretan ikusi ondoren jakin izan dugu soilik eta ez da inor guregana zuzendu, beraz beti esan ohi izan dugun lanketa falta kontutan hartuz, ezetz bozkatuko dugu.

13.- EAJ-PNV eta EH Bildu udal taldeek aurkeztutako mozioaren onespena, Melillako hesiaren inguruan gertatutako sarraskia salatzeko.

14.- Behin betiko onespenen berri ematea.

15.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

16.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide