Azkoitia Bai herri plataformak ekaineko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko eka. 30a, 10:43

Azkoitia Bai herri plataformak ekaineko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak bildu ditu ekarpen honetan:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- 2023 ekitaldirako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan eta ondasun higiezinen gaineko zergan salbuespenak eta hobariak onartzeko araudiaren aldaketaren hasierako onespena. 

Bi zerga hauetan aspalditxotik ditugu gure desadostasunak, baina dirudienez arazoa soilik familia ugarien artean dago eta ez du desadostasun horiekin zerikusirik. Udaletxetik, izapideen erosotasuna kontutan hartuz, urtero pasatu beharrik ez zutela esan zitzaien. Beste administrazioekin kontaktuak estutu ondoren, ordea, badirudi ez direla beti lan denak murrizten. Laguntzak eskatzeko orduan, nahiz eta gauza batzuetarako Aldundira, hau da, Donostiara joan beharra saihestu, handik familia ugariak izaten jarraitzen dutela ziurtatu beharra dago; beraz, ziurtagiri hori urtero sinatu eta bidaltzen jarraitu beharko dute eta hau guztia zuzentzeko araudi aldaketa hau beharrezkoa da. Horregatik, alde bozkatuko dugu.

3.- Azkoitiko udalak Tokiko Ekintza Jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda Euskadin Bultzatzeko Udalsarea 2030 akordioari atxikitzea.

Honelako lantalde baten barruan izateak ez dut uste inongo kalterik ekarriko digunik, eta behar bada, jasangarritasunari begira, ekintza gehiago bultzatzera eramango gintuzke. Gai hauetan guztioi begiak irekitzen lagunduz, beraz, alde bozkatuko dugu. 

4.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea. 

Gero eta erabiltzaile gehiago dago eta ordutegi zabalagoa eskatzen digute. Udaletxearen eskumena dela eta, Aldunditik ere, gero eta diru gutxiago bideratzen da, eta urtero diru gehiago jarri behar izaten dugu. Lizitazioa ere aurten bukatzen da, eta badirudi zerbitzua ere garestitu egingo zaigula. Dena den, teknikariek lan polita egin dutela iruditzen zaigu, lizitazioaren prezio igotzeak zuzenean enpresaren irabazietara joan ez daitezen, aurkeztuko duten prezioaren %90 langileei bideratuta egon beharra ziurtatu beharko baitute lizitazio berrira aurkezten direnak. Beraz, egindako lanagatik berriro ere teknikariak zoriondu eta gure aldeko bozka emango dugu.

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Gure taldea ez da sekula izan kreditu globala loditzearen aldekoa, aurretik zehaztutako, eta ahal bada, denon artean erabakitako partiden aldekoak baikara. Gaur egungo prezioen gorabeherak direla eta, ordea, egoera berezi bat sortu dela ulertu dezakegu, eta denon artean erabakitako proiektu hauek izan dezaketen geldialdia, ahal den heinean murrizteko erabaki ona izan daitekeela deritzogu.

Luziano okindegia zenaren lurrak udalak eskuratzea eta eraikina eraistea ere ondo ikusten dugu, beti ere bertako auzokoei bideratutako erabilera egoki bat ematen bazaio behintzat.

Bestalde, Katulagun taldeak igorritako idatzian egindako eskariak bere horretan mantentzea aurreikusi duzuela informatu gaituzue. Talde honek egiten duen lana goraipatzea ahaztu gabe, oraingo honetan, nahiz eta hitzarmena oraindik adostu gabe egon, jarri behar den diru kopuru hau jartzearen alde egingo dugu eta kreditu gehigarri honi, gure oniritzia emango diogu bere osotasunean.

6.- San Jose egoitzari dagokion ondasun higiezinaren lagapenaren behin betiko onespena. 

Gustura izango zarete. Egoitzaren lagapena behin betikoz onartzera zoazte, nahiz eta, gaur egun behintzat, herritarrentzat inongo hobekuntzarik ez ekarri. Ezinezkoa egiten zaigu ulertzea, herriari hobekuntzarik ekarriko ez dion akordio bat onartzera zoaztenik. Behin eta berriz errepikatzen duzue tramite bat dela soilik. Herriari 67.996,76 euroko kostua ekarri diola azaltzeak izan behar luke bete beharreko tramitea. Egin beharreko beste tramite bat izanik, lagapen hau egin ondoren, herritarrentzat onurak ekarriko dituela dioen txosten bat aurkeztu duzue, erabiltzaileen eta langileen ongizatea aintzat hartuko duela, arreta zerbitzu pertsonalizatuagoa eskainiko dela, egoiliarren zein langileen arteko harremanari ere bere garrantzia emango zaiola, eta beste hainbat gauza polit dioen memoria bat. Dagoeneko zazpi urte daramatza Aldundiak egoitza kudeatzen. Honelako txosten batek ez du inolako sinesgarritasunik eta hori ez du soilik gure taldeak esaten, hemen, aurreko plenoetan esandakoak gogoratu besterik ez dago, lehentasuna egoitzako egoiliarren ongizatea dela, egoitzaren egoera tamalgarria, Aldundiaren kudeaketa negargarria… Ez dira guk esandako hitzak, beraz, orain onura horiek ekarriko dizkigun txosten bat onartzeak ez du inongo sinesgarritasunik eta zentzurik. Hitz gutxitan laburbilduta, inork derrigortzen ez gintuen lagapen hau onartzera zoazte. Aldundiari lagapen hau egin ondoren herritarrentzat onurak ekarriko dizkigula esaten duen memoria bat onartuz, eta esan bezala 67.996,76 euro ordainduz, garbi gelditu ez bada, berriro esango dut, inongo derrigortasunik gabe. Memoria edo txosten horretan idatzi dena beteko dela ziurtatu arte negoziatzen jarraitzea erabakiko bagenu, lagapen hau egitea onartuko ez bagenu, edo beste era batera esanda, egoiliarren, langileen eta herritarren ongizatea hobetuko lituzketela jakin arte. Orduan ariko ginateke soilik bete beharreko tramiteak betetzen. Lagapen hau egiteko herritarren ongizatea hobetu beharko dela esaten du argi eta garbi txostenak. Ez guk soilik, besteok ere egoera tamalgarria, negargarria eta antzerako hitzak erabili dituzue. Beraz, orain arte bezala, ezetz bozkatzen jarraituko dugu, gaur egun lagapen honen beharrik ikusten ez dugulako, eta are gutxiago, bete beharreko tramite horietako batean behintzat, guretzat garrantzitsuenean, herritarrentzat onura ekarriko duela esaten den hori betetzen ez dela dakigunean.

7.- Ekainaren 28ko LGTBI+ egunaren inguruko mozioaren onespena: EAJ-PNV, EH BILDU, PSE-EE eta Azkoitia Bai udal taldeek aurkeztutakoa.  

LGTBI+ bizitzek balio dute

"Ekainaren 28an, LGBTI+ harrotasunaren egunean, Azkoitiko udalak LGTBI+ mugimenduaz harro dagoela adierazi nahi du argi eta garbi.

Inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTI+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude, benetan arazoa duten pertsona hauen erruz.

Horregatik guztiagatik Azkoitiko udalean, LGBTI+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egiteko behar diren baliabideak jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Bestalde, herriko LGBTI+ mugimenduarekin bat egiten duten herritarren laguntzaz, besteenganako gorrotoa adierazten duten horiei, bide egokia zein den erakustea tokatzen zaigu berriro, horretarako zintzilikatu dugu udaletxeko balkoian hemen aldarrikatu nahi dugun dena adierazten duen bandera, udal honetako alderdi denen edo beste edonondik datozkigun proposamen/ekarpen denak partekatu eta aztertzen jarraituko dugu, beti bezala, norbaitek erasoren bat jasango balu, udalak eman beharreko laguntza osoa eskainiko diogu, eta horrez gain, herritar denei dei egiten diogu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora Ekainaren 28a!".

8.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

9.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

10.- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide