2022ko lehen udalbatzarrean Azkoitia Bai herri plataformak esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko urt. 27a, 09:07

Urtarrileko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, Azkoitiko Udalak. Azkoitia Bai herri plataformak udalabatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak dira honako hauek:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Azkoitiko bandera ofizialaren behin betiko onespena.

Urriko Udal Osoko Bilkuran esan genuen berdina pentsatzen jarraitzen dugu. Udaletxe honetan ondareaz arduratzen den zinegotziak egindako ikerketek, beste ezaugarri batzuen artean, Azkoitiko bandera gorria zela badiote, guk ez dugu inondik inora zalantzan jarriko, eta horrela onartzearen alde egingo dugu.    

3.- San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaren behin betiko onespena.

2015ean udalak inbertsio handiak egin ondoren eta superabita zuela jakinik, udal eskumena ez zelako egoitza aldundiaren esku uztea erabaki zen. Ordutik aurrera, udaletxeak ez du etekinik jasotzen egoitzatik. Inbertsio falta salatzen da, bertako egoiliarren eta langileen bizi-kalitateak okerrera egin duela diote, eta berriro ere udaletxearen esku egotea nahiko luketela aldarrikatzen digute. Udalak lehen ere erakutsi zuen gauzak beste era batera egin daitezkeela, eta aldundiaren esku utzi aurretik, horrela egiten jarraituko dela exijitzeko unea dela uste dugu. Herriaren eraikina aldundiaren esku utzi aurretik, bai egoiliarrek eta bai langileek, gutxienez aurretik zituzten baldintzak berreskuratu beharko lituzkete, hori baita eta izan baita guretzat helburu nagusia. Iruditzen zaigu egun egoitzan dauden arazoak asebeteko dituen irtenbideak ematen saiatzeko momentua dela, eta ondoren, guztiontzat onurak ekarriko dituela ziurtatu ostean, desafektaziorako eman beharreko pausoak eman behar direla. Bitartean, guk ezetz bozkatzen jarraituko dugu. 

4.- Azkoitiko Kale Nagusia 80an kokatutako Idiakez Ederra babestutako ondasun  higiezinaren besterentzeko espedientea onartzea eta lizitazioari hasiera ematea.

2005ean, arriskutsua zela eta bertako bizilagunei eraikina uzteko agindua eman zitzaien. Ondoren, 2009ko urtarrilean jarri ziren dagoeneko famatuak diren aldamioak herriko eliz atarian. Herriko ondarea zaintzea ondo dago, baina dagoeneko aldamioak dira ondare bihurtzeko bidean doazenak. Monumentu historikoa, kultur ondarea… Ez dago eskubiderik horrelako izen potoloen azpian, herriaren bihotzean, hainbeste denboran eraikin bat horrela mantentzeko. Orain dela pare bat urte bazirudien gure gainetik dauden instituzioek, halako batean, irtenbide bat ematea erabaki zutela eta Visesaren bitartez babestutako etxebizitzak egingo zituztela. Baina ez, garestiegia ateratze omen zitzaien, eta berriro ere pilota gure teilatura bueltatu ziguten, "hor pilota mundua ondo dominatzen duzue eta behar bada gu baino hobeto jakingo duzue zer egin" pentsatuz edo. Udaletxetik aldamioen alokairua lehenik, aldamioak erosi gero, bertako jabeekin tratuak itxi, azkenean eraikinaren jabetza lortu, etxebizitzak egingo dituenari ia erregalu moduan eman, pribatua zen eraikin batean dirutzak gastatu ditugu. Doc-to taberna itxi zutela 17 urte beteko dituen honetan, guztiak berdin jarraitzen du (Doc-to, azkenetakoa ixten zuten taberna ez zuten ezagutu ere egingo gaur egun tabernetan ibiltzen diren askok). Lehen ere, Visesarekin sinatutako hitzarmena bertan behera uzteko unea iritsi zenean, gure haserrea garbi adierazi genuen, eta gaur ere ezin genuen, besterik gabe, une hau pasatzen utzi. Monumentu historikoen kulturalen legeak betearaztera derrigortzen gaituzte, baina irtenbide bat eman behar zaionean, beste aldera begiratzen dute.

Esan beharrekoak esan ondoren, badirudi orain enpresa pribatuek emango diotela instituzio publikoetatik eman ezin izan zaion irtenbidea. Ea behingoz zentzugabekeria hau guztia, beste gorabeherarik gabe, lehenbailehen bideratzea lortzen dugun eta herriko eliz atariari aspalditik behar lukeen itxura ematen diogun. Bide berri hau hasteko, noski, gure oniritzia duzue.  

5.- 2020-2022 Azkoitiko Udaleko dirulaguntzen plan estrategikoa 2022ko aurrekontura egokitzearen onespena.

Legeak diru laguntzak aurrekontu berrira egokitzea eskatzen badigu, horrela egin beharko dugu eta baietz bozkatzea besterik ez dugu aurreikusten.  

6.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

7- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide