Azkoitia Baik abenduko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia

Azkoitia Bai herri plataformak abenduaren 22ko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak.

Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ado.

2022 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

Azkoitiko Udala: Egia esateko, nahiz eta gure aurrekontuak aurkezteko denbora gehiegi ez izan, Udal Gobernuarekin eta batik bat Ogasuneko arduradun politikoarekin izan ditugun negoziaketetan ez dugu inongo arazorik izan. Beti agertu digu gurekin elkartzeko prestutasuna. Garbi utzi dugu Herrilab +700 ekimena hartu dugula ardatz, eta herritarrek bertan erabakitakoa izan dela gure ildo nagusia. Gure taldeak beti izan du ahotan parte hartzea, eta herritarrek ondo egindako prozesu baten bidez hartutako erabakietan sinesten dugunez, erabaki horiek defendatzea besterik ez zaigu gelditu.

Lehen ere ekimen horretan parte hartu duten taldeekin eta norbanakoekin ere harreman onak genituen. Beraz, han eskatutakoak eta gure ibilbide luzean taldean jorratutakoak parekotasun handia zutenez, erabaki horien defentsa asko errazten digute.

Euskararen alde Maxixatzen; ingurumenera begira Urola Bizirik; Egoitza kalera taldea gure aiton-amonen ongizateaz arduratzen; Eguzki taldea nahiz Gorka Alberdi ordezkari fina gure ibaiak eta errekatxoak zaintzen; Floreaga auzokoak bizilagunen irisgarritasuna bermatzen; Instalakuntza Duinak Orain taldea gaur egun oinarrizkotzat jotzen ditugun zein herritar ororen ongizatean lagunduko duten instalazioak sustatzen; azokara etortzen diren baserritarrak herriko merkataritza eta gertutasuna landu nahian. Talde horien boluntario lana eskertu beharra dago, ikasi, eta nola ez, aintzakotzat hartu. Herriko parte hartze ekimenean hartutako erabakiek eta talde horien eskariek bat egiten dute. Aurrez hartuta genituen Floreagako igogailuaren eta igerileku berriaren erabakiak. Era berean, Udal Gobernuak jarri berri dituen euskara eta azokako partidak ongi baloratu ondoren, beste asko ere adostu ditugu: ingurumen mahaia osatzea, eskudel edo barandila azpietako saretxoen partida hirukoiztea, ibai-erreken garbitzea, energia garbien azterketa bideratzea, Elkarguneko Herriko plaza areto nagusiaren itxuraldatze azterketa baita integrazioan nahiz berdintasunean guk eskoletan egingo genituzkeen ekimenak zehaztu ere, behar izanez gero gure parte hartzea eskainiz.

Azken unean, ordea, ezin benetako akordiora iritsi. Pena handia eman digu egia esan, baina gaur egun egoitzako arazoak konpontzeko beste pauso bat ematea ezinbestekoa ikusten dugu, eta horrela azaldu digute herritarrek ere. Asko ari da korapilatzen guztia, eta bideratzeko pausoak berehala eman behar dira. Kutsu politiko gehiegi hartu baino lehen, eta, guztiok diogun moduan, bertako egoiliarren eta langileen ongizatea ardatz hartuta, egungo egoera kaskarra bideratuko lukeen figura tekniko bat proposatu dugu; udaletxeko teknikoak ez dira dagoeneko dituzten eginbeharretara iristen,  oraindik egin gabe dagoen jubilatuen azterketa horren lekuko. Beraz, azken unera arte egindako lanak eta ahalegindu izanak ematen duen lasaitasunarekin, benetako pena da akordiora ez iristea. Egoitzako arazoei eman beharreko irtenbidea eman ez zaienaren pena dugu, gehiago egin genezakeen eta egingo ez denaren kezka. Herritarren ongizateari begira baietz bozkatu nahi eta abstenitu beharrak nolabaiteko nahigabea sortzen digu barnean, baina, aldi berean, egin beharreko lanketa ongi egin dugunaren harrotasunez. Ahaztu baino lehen, Eguberri, Gabon eta urte berri zoriontsua opa dizkizuegu guztioi.

San Jose Egoitza: Azken urteetan beti eman izan dugu aldeko bozka, baina egungo egoeraren aurrean, eta nolabait gure ezadostasuna agertzearren, abstenitu egingo gara.

Zubiaurre-Elkargune Institutua: Elkarguneko jardueren prezioetan izaten ditugu gure tira-birak, baina azken urtean egindako inbertsioetan ados egon garela kontutan hartuta, eta datorren urtera begira areto nagusiaren itxuraldatzearen azterketa onartu diguzuenez, alde bozkatuko dugu.

Azkoitia Lantzen, S.A.: Guk ez dugu sozietate honetan parte hartzen, eta gero eta garbiago dugu bertako erabaki potoloenak orain dela urte asko hartu zirela, gaur egungo egoera zeharo baldintzatuz. Beraz, ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

Aurrekontu Kontsolidatua: Aurretik eman ditugun botoen ondorio bezala eta garrantzirik gehien udaleko aurrekontuek dutela jakinik, abstenitu egingo gara.

2022 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena.

Pasa den urtean aipatu genuen udaltzainek herrian egiten duten ibilbidearekin ez geundela ados. Gai honetan herriak egiten duen gastua ezin dugu justifikatu, eta udaletxeak ezin badu sistema aldatu, gutxienez ahal den heinean gastu hori murriztera bultzatu nahi zaituztegu aurten ere. Orain gutxi lanketa hori egiteko borondatea azaldu diguzuenez, alde bozkatuko dugu.

5G, Eguzki Ekologista eta Urola Aktibo taldeek eta EAJ/PNV, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek 5G teknologiaren inguruan aurkeztutako mozioak onestea.

Udaletxean mozio hau aurkeztu zuten taldeek bertan behera uztea eskatu dute eta aho batez onartu da atzeratzea.

Behin betiko onespenen berri ematea.

Aurrekontuari buruzko informazioa.

Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide