Azkoitia Bai-k uztaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko uzt. 29a, 08:17

Azkoitia Bai herri plataformak uztaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu artikulu honetan.

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados

2.- 2021eko Araudi Planaren aldaketaren onespena.

Ordenantza asko zaharkituak daude, eta berrien eskaera ere badago. Hemen aipatzen dituzuenekin, oro har, ados gaude, eta baietz bozkatuko dugu.

3.- Azkoitiko Txikizkako Merkataritza eta Ostalaritza sustatzeko merkataritza bonuen oinarri espezifiko erregulatzaileen hasierako onespena.

Arazo txiki batzuk izan ditugu oinarri hauek finkatzerako orduan. Herrixen elkartetik eman den iritziarekin akats hauek konpontzea lortu da, baina gu puntu batean ez gaude zeharo ados. Udaletxe batean gardentasuna muturreraino eramatea izan behar genuke helburutzat, eta gure ustez, bonuarekin batera faktura ekartzeak ez luke sortu behar inongo arazorik. Esan bezala gardentasunari beste puntu bat erantsiko lioke. Dena den, bonu horien helburuaren alde azaldu gara beti, denda askotara zabaltzeko erabiltzen den bonu sistema gustuko dugula behin eta berriz errepikatu dizuegu, eta aurretik eginiko salbuespena kenduz, beste denean bat egiten dugunez, alde bozkatuko dugu.

4.- Azkoitiko Gizarte Larrialdiko Harrera-Etxebizitzaren erabilera eta sarbidea arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena.

Azpimarratu emergentzia kasuetarako dela soilik. Beharrak dituzten herritarren kopurua hazi egin da. Erabiltzaileak ere aldatu egin dira, batik bat emakumea buru den guraso bakarreko familiak eta genero-indarkeria jasaten duten familiak dira. Hori horrela izanik, ordenantza aldatzea ere beharrezkoa ikusten dugu, eta ez dugu inongo oztoporik jarriko.

5.- Azkoitiko Udala atxikitzea Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eudel Elkartearen arteko lankidetzarako esparru-hitzarmenera, eta IZFE, S.A. eta Azkoitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren onespena.

Apur bat Googlerekin-eta pasatzen dena datorkit burura. Nahiz eta programa hori erabiltzen jarraitzea asko garestituko zaigun, Aldunditik bideratutako programa bat izanik, beraiekin hartu emana errazten duelako eta horrelako kudeaketa programak aldatzeak buruhauste asko ekarriko zizkigula kontutan hartuta, baietz bozkatuko dugu.

6.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratuaren bigarren luzapenaren onespena.

Inoren kexarik jaso ez dugun bigarren eta azken kontratu luzapen honen alde bozkatuko dugu.

7.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Aurrekontuetan EH Bildu taldeak AA.SS. berriak egitea eskatu zuen. Guk, orduan, gerakina izango genuela eta martxotik aurrera ere gauzatzeko modua izango zela erantzun genuen. Bai ala bai egin beharrekoa da, eta nahiz eta berria egitea ez den aurreikusten, eman beharreko bidea berdina dela diote. Irailean hasi eta pare bat urteko lana izango dugula aurretik esan digute, eta ordurako EEH instalazioen arazoa konponduta izango dugula. Guk, gai horrek hartu duen zentzugabekeria ikusita, nahiko zalantza baditugu, baina ea hala den. Bestalde, baserri bideen tasa/zerga eskatzen dagoeneko urte batzuk daramazkigu, eta aurten gauzatzea espero genuen. Tasa/zerga horien helburua bideak zaintzea eta basoak mantentzea da, eta lehenbailehen martxan jartzea nahiko genuke, eta inbentario honek ez atzeratzea. Beraz, eskaria egin ondoren, dirua eginkizun horietan erabiltzea ondo ikusten dugu.

8.- Udalak Urola Erdiko Mankomunitaterako izendatutako ordezkarien aldaketa.

Gure taldeak ez du Mankomunitatean ordezkaritzarik, eta ez zaigu inoiz burutik pasatu beste taldeen ordezkaritzan sartzea. Beraz, aldaketa hori egitea aurreikusi badute, guk behintzat ez diogu inongo oztoporik jarriko.

9.- 2020. urteko plan finantzarioaren emaitzen urteko txostenaren berri ematea.

10.- 2021. ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

12- Aurrekontuari buruzko informazioa.

13- Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide