Intsaustiren deskontaminatzea

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko uzt. 26a, 11:53

Intsaustiko eremuan proba pilotu bat ari dira egiten, nanobiopilaren bitartez, burdina galdatzen zuten eremuan kutsatutako lurrak tratatzeko eta garbitzeko. Hondakin asko aipatzen dira, ingurumenarentzat eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeenak.

Udaletxean eguneroko lanean ari ginela, aurretiaz informaziorik ez genuen eta arreta deitu zigun dokumentu baten sarrera ikusi genuen. Egia esan harrituta gelditu ginen. Azkoitia Lantzenen parte ez garenez, beharbada sozietate horretan aurkeztua izango zen lehenago.

Iragaz Watin S.A. enpresa Intsaustiko eremuan proba pilotu bat egiten ari omen da, burdina galdatzen zuten eremuan, nanobiopila bitartez, hidrokarburoz kutsatutako lurrak tratatzeko eta garbitzeko.

2020ko urtarrilaren 9an, Iragaz Watin S.A. enpresak idatzi bat bidali zuen Eusko Jaurlaritzara, eremu horren egoeraren berri izan zezaten.

2021eko apirilaren 27ra arte ez ziren ikuskapen bat egitera etorri Jaurlaritzarik. Eremu hori osorik ikuskatu zuten, ez proba pilotua egiten ari ziren gunea soilik. Ikuskaritza horretan udaletxeko teknikari bat egon zen presente, eta idatzian dionez, pabilioi horien jabea Azkoitia Lantzen da –gero udaletxeak emandako informazioaren arabera, Aldundiarekin erdi bana–.

Hondakin asko aipatzen dira, hala nola fibrozementua, fundizioko areak, pinturak, olioak, fuela eta gomak. Material horiek kontutan hartuta, ingurumenari eta osasunari kalteak eragiteko arriskua ikusten da. Hondakin ez arriskutsuak gehienez bi urtez egon daitezke gordeta, beti ere gero balorizatzera eramango balitzateke.

Jaurlaritzak eskakizun batzuk egiten ditu, eta horien artean eskatzen du hondakin horiek lehenbailehen eremu horretatik kentzea eta guztiak kudeatuko lituzkeen plan zehatz bat egitea. Azkoitia Bai herri plataformaren ustez garrantzitsua da herritarrek hau jakitea, eta horretan saiatuko gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide