San Jose Egoitzako egoiliarren egoera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko mar. 18a, 14:05
Gure taldea egoitzan izan den lau egunetan egoitzako harreran hartutako irudiak. Sartu eta irteteko atea irekita eta harreran inor ere ez.

Azkoitia Bai herri plataformak idatzi honen bitartez salatu nahi du San Jose Egoitzako harrerako postuan inor ez duela aurkitu lau asteburutan.

Gogoratuko zarete, aurreko hilabetean San Jose Egoitzaren inguruan bertako egoiliar talde batek aurkeztutako kexak argitaratu zituela gure taldeak: San Jose egoitza (kexak).

Kexa horietako bat hauxe izan zen:

Kexa: Asteburuetan ez dago sarrera-irteerak kontrolatzeko inor, eta noiz edo noiz aldapan behera egoiliarrak topatu dituzte. 

Egoitzako arduradunaren erantzuna: Errefortzatu egin omen da.

Otsailaren 10eko batzordean esan ziguten, San Jose Egoitzako harrerako zerbitzuan arazorik ez zegoela, eta zerbitzua indartuta zutela. Gure taldea hiru egun lehenago pasatu zen handik, eta inor ez zuen aurkitu harrerako postuan. Horrela jakinarazi genien udaletxeko arduradunei batzordean.

Atzo, martxoaren 17an, berriro ere galdera bera egin genuen Gizarte batzordean, eta guk esandakoa egoitzako arduradunei helarazi zietela erantzun ziguten. Esan ziguten zerbitzua indartuta, "errefortzatuta" zutela helarazi zietela egoitzatik.

Egoitzako egoiliarren senideek garbi utzi ziguten bertakoengan duten mesfidantza, eta aurretik ohartarazita geunden, ez dutela inongo lotsarik behin eta berriz gezur bat bestearen atzetik esateko. Beraz, berriro ere egoitzarako bidea beste hiru igandetan egin du gure taldeak, eta egin beharreko egiaztapenak egin ondoren, ziurtatu dugu egoiliarren senitartekoek diotena egia dela.

Eta orain guri sortzen zaizkigun galderek guri ere beldurra ematen digute:

  • Izurrite garai honetan, egoitzetan segurtasun bermeak behin eta berriz zein alde guztietan indartu dituztela entzun ostean, zer gertatzen da gure herrian?
  • Une hauetan herri osoa jakinaren gainean dago egoitza askotan egoiliar asko hil direla. Zer espero behar dugu gutxieneko neurri batzuk hartzeko gai ez badira?
  • Hau pertsonen bizitzarekin negozioa egitea ez bada, zer da?
  • Zer mundu ari gara eraikitzen? Gai horiek ez al zaizkigu garrantzitsuak iruditzen? Gure inguruan gertatzen ez bada, ez al zaigu axola?
  • Herritarrak joan behar al du egiaztapen horiek egitera? Bertan gertatzen dena salatu ostean, ez al gara gai inongo kontrol sistemarik bermatzeko? Ez al dago interesik? Negozio horretako irabaziak murriztu egiten al dira?
  • Ez da salaketa hauek jaso ditugun lehen aldia. Oraingoan ere, besterik gabe, esaten digutena sinetsi behar al dugu? Ez al du inork bidegabekeria honen ardura hartuko?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide