2020-12-30 Udal bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko abe. 30a, 20:00

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua,  Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako  onespena.  

1.-Azkoitiko Udalak 2021eko ekitaldirako izango duen aurrekontua, 15.245.000,00 eurokoa

Azken udal bilkuran mailegua eskatzearen alde azaldu ginen, herritik eskaera gehien duten proiektuei behar duten bultzada emateko ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako.

Aurrekontu hauetan ere garbi erakutsi diguzue, bai igerilekua eta bai igogailuak egiteko duzuen prestutasuna, gure ikuspuntutik, biak ala biak, herritarren onuran garrantzia handia duten proiektuak eta biak ala biak herri ekimen batetik sortuak. Beraz, esan behar, aurrekontu hauen haserako aurkezpenetik itxura ona hartu geniela eta talde barnean kontrako jarrerarik ez zela nabarmendu.

Lehen puntu kritiko hori gainditu ondoren eta aurretik esan bezala, proiektu garrantzitsuenekin dugun adostasuna kontutan hartuz,  gure proposamenak egin eta defendatzeko ordua iritsi zitzaigun. Urria bukatzear zela udaletxeko balantzea sakon aztertzen hasi ginen, 2020rako aurrekontuetan jarri genituen partida denak banan bana errepasatuz. Erabili ez diren eta 2021era begira erabiliko ez diren partidak detektatu eta gure proposamenei aurre egiteko dirua nondik aterako genuen zehaztuz. Gerora ikusi dugu, udal gobernuarekin mantendu ditugun negoziaketetan, dirua ez dela inolaz ere erabakigarria izan, baina badaezpada aurretik prest egotea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun.

Hori horrela, labur labur, gure proposamenak eta udal gobernuak azaldu digun borondatea aurkeztera  pasatuko naiz.

Izurrite garai honetan, behin baino gehiagotan azaldu gara kultura eragileekin kezkatuta eta laguntza bat bideratzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Garai zail hauetan udal gobernuak kultur ekitaldi kopurua igotzeko asmoa erakutsi digu eta dudarik gabe eskertzekoa da, baina bai herriko talde xumeenak eta baita lehen pausoak ematen ari direnak baztertzeko arriskua egon litekeela iruditzen zaigu eta denon artean sortzaile hauek dituzten eragozpenei aurre egiteko, lanketa bat bideratzea proposatu genuen. Herriko eragile denei inkesta edo galdera batzuen bidez, dituzten eragozpenak detektatu eta ahal den heinean udaletxetik beharko luketen laguntza bideratzeko, gaur eta etorkizunera begira kultur mailan hartu beharko ditugun erabaki politikoak eraginkorragoak izateko asmoz. Aurrekontuko memorian ere idatzita utzi duzue eta eskertzekoa da.

Kirol mailan gaztetxo gehien mugitzen duen taldea Anaitasuna dela esatean, ez dut uste oker nabilenik. Futbol munduan ere denok izaten dugu zeresana eta nola ez, horrek eztabaida asko sortzen ditu eta adibide bezala instalazioen egokitzapenek. Ume asko izateak, kezka asko sortzea dakar, batik bat antolakuntza aldetik eta gure beste proposamenetako bat Txerloiko zelaia, zelai artifizial bihurtzearen azterketa egitea litzateke. Udaletik gaur egungo ume kopurua antolatzea ez dela erraza aitortu digute, baina jaiotza tasa behera doan heinean, arazoak leuntzen joango direla eta horrela izango ez balitz, egin beharko litzatekeen azterketen barnean, noski zelai artifizialarena ere sartuko luketela erantzun digute.

Gaur egungo gazteen emantzipazioa  bultzatu nahirik, etxea alokatzetik at, alde zaharrean erosteko ere laguntzak bideratzea planteatu dugu. Dena den, alokairua eta erosketa nahasteak hitzarmen/ordenantza mailan zailtasunak ekarri ditzakeela ohart ararazi diguzue, baita, laguntza, behar gehien duten beste herritar batzuei zabaldu diozuela ere. Jubilatuentzat ere iritsi behar luketela komentatu genuenean, ordenantza berrian 65 urtetik goragokoak ere posible izango zutela esan zeniguten orduko iritsi ginen adostasunera.

Ingurumen arloan ere, gure eskaria egin aurretik, pasa den urtean bezala baranda/eskudel azpietan jarri ziren saretxoak jartzeko prest agertu zarete, nahiz eta guk eskatutako diru kopuruaren erdia baino gutxiago jarri. Ingurumena, pixkanaka, ari gara udaletxean sartzen eta 2021era begira, gai honetaz, baten baino gehiagotan hitz egin beharko dugulakoan, momentuan kantitate hau ontzat joko dugu.

Parte hartzea eta herri galdeketan ere urtero zerbait proposatzen dugu. Plaza Berri eremua Azkoitiar denontzat da bestelako txokoa, baina garbi dago zaharkitzen ari zaigula. 2020an eremu hau txukuntzeko proiektuak egitea aurreikusten zen eta gero, herritarrei gehien zein gustatzen zitzaien jakiteko, galdeketa egitea pentsatuta zegoen. 2021ean galdeketa egiteko partida mantentzeko asmoa azaldu diguzue, nahiz eta, etorkizun hurbilean, proiektu hau bideratzeko zailtasun asko izango ditugula aitortu.

Jubilatuen bizi baldintza duinak bermatzeko aurre-azterketa bat egitea ere eskatu dizuegu eta datorren urtean gizarte zerbitzuetara etorriko den teknikari berriak, bertako lana zerbait arinduko duen esperantzarekin, herriko beharrak identifikatu eta behar diren laguntzak bideratzeko lanketa sakona egitea aurreikusten duzuela azaldu diguzuenez, puntu honetan ere ados.

Eta azkenik, urtero euskarari gure ekarpena egiten ahalegintzen garenez, aurten etorkinei, gure herrian euskarak duen garrantzia azaltzeko asmoz, EPA-n egiten dituzten ikasketak soilik gaztelaniara bideratu beharrean, euskarara bideratutako lehen pausuak ematera bultzatu nahi genituzke eta horretarako ere zuen borondatea agertu diguzue.

Beraz gure proposamen denei diru kantitate bat bideratu ordez, aurtengoan, nahiago izan dugu zuen prestutasuna aurkitzen saiatu eta hasera hasieratik aurkeztu zeniguten  aurrekontuek izan zuten harrera ona, zuen borondatea lortu dugulakoan eta guk eginiko ekarpenak jaso duten erantzunak nolabait asebete gaituenez, baietz bozkatuko dugu.

2.-Zubiaurre Elkargune Institutuaren aurrekontua, 2021eko ekitaldirako, 96.000,00eurokoa

Elkargunean oraindik bezero kopurua beheranzko bidean doala dirudi eta udaletxeko aurrekontua arriskuan jarri dezake. Ekonomia saileko teknikariak, eskuarki zuhurtziaz jokatzen duela badakigu eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen digu. Bertako kudeaketa, hau da,  Masquatroren kontratua luzatzea aztertzearen alde azaldu gara beti eta aurre azterketa bat ere egin zen, baina egoera honetan udaletxeko teknikoen lana beste behar batzuetara zuzendu beharko dela iruditzen zaigu eta azterketa sakonago bat beste baterako utzi beharko dugula. Aurrekontura bueltatuz eta egoera honetan inoiz baino gehiago, elkarrekin lanerako prestutasuna azalduz, alde bozkatuko dugu.

 

3.-San Jose Egoitzaren 2021eko ekitaldirako aurrekontua, 68.300,00 eurokoa

Bertako egoiliarrak ea 2021-ean zelebratzeko motibo gehiago dituzten eta apartamendu tutelatuetan jarri beharreko dirua jarriko dela aurreikusten dela jakinik , alde bozkatuko dugu.

 

4.-Azkoitia Lantzen SA ren aurrekontua 2021eko ekitaldirako, 1.862.284,00 eurokoa

Gu sozietate honen parte ez garenez ezetz bozkatuko dugu. Ez dut gehiegi errepikatu nahi eta bilkura honetako bosgarren puntuan emango ditut azalpen gehiago.

5.-Azkoitiko Udalaren aurrekontu kontsolidatua 2021eko ekitaldirako, 17.171.284,00eurokoa

Ezadostasun baino adostasun gehiago ditugula ikusirik, baietz bozkatuko dugu.

3.- 2021 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena eta  Lanpostuen Zerrendaren onespena.  

Arazorik gehien badirudi merixukin dauzkagula. Arkautera ikasketak egitera joaten direnean, gure udaletxeak ordaintzen baitie bertan daudenei soldata eta baita haien ordez, momentu horretan gurekin lanean daudenei ere. Beraz, postu bat betetzeko bi soldata ordaintzen ditugu  eta hori gutxi balitz, Arkautetik pasa diren merixuk, gero, askotan, beste herriren batera joaten zaizkigu eta berriro dena hasierara bueltatzen zaigu. Udaletxetik ezer gutxi zuzendu dezakegunez, ea antolakuntza hau aldatzeko gai direnak ohartzen diren eta zentzugabekeria honi irtenbide bat ematen dioten eta hemen bitartean gure aldeko bozka.

4.- Azkoitiko Arau Subsidiarioen Testu Bategineko 14. Sektoreko (Ugarte Igara)  bigarren exekuzio unitateko birpartzelazio proiektuaren aldaketa behin betikoz  onartzen duen 2016ko otsailaren 3ko Alkatearen ebazpenaren ofiziozko  berrikuspenaren inguruko ebazpena  

Gai hau dagoeneko asko luzatu zaigu eta luze joko duela dirudi. Azkoitiko udalari, ordaintzeko gauza diren eta diru bat zor dioten denak bezala, ordaintzea izango litzateke normalena. Udaleko teknikariak tentu handiz jokatzen ari direla ere badakigu eta horrela jarraitu beharko dute, ez baita erraza izango gai honen bueltan dabiltzan abokatu denei aurre egitea. Erabaki honekin badirudi beste ate bat irekiko diogula luzapen horri, baina esan bezala gure aldetik pausu denak egoki ematen saiatu beharko gara eta horrela, behar bada, gu bizi garen bitartean zor hori ordaindu denaren berria izango dugu noizbait. Beraz, alde bozkatuko dugu eta animoak luzatu nahi dizkizuet,  gai honekin burukomin bat edo beste izan eta izango duzuenoi.

5.- Eusko Jaurlaritza, Azkoitiko udala eta Azkoitia Lantzen, S.A.-ren arteko  hitzarmenaren onespena, Azkoitiko 10. sektoreko, Txalonerreka, babes publikodun  etxebizitzak sustatzeko.  

Azkoitia Lantzeneko arazoa aspalditxotik datorkigu eta gure taldearen ustez, sortu zen garai hartatik datoz. Garai haietan hartu ziren erabaki politikoetatik datoz oraingo larritasunak, Azaroko udal batzarrean tratatu genuen lixibiatuen gaia esaterako. Gure taldeak, azken urteetan ez du sozietate honetan parte hartu eta orain udal gobernuan daudenei ere ez diogu  nahi erantzukizunik gaineratu. Dena den, orduan, beste taldeekin asko kontatu gabe hartu ziren erabakien ardura, nolabait, talde berekoak izanik, badutela iruditzen zaigu. Azken urteetan, zailtasunak zailtasun, sozietate hau ixtearen nahia ere garbi azaldu digute. Gure nahia ez da hemengo arazoak aprobetxatuz reditu/etekin politikoa ateratzea ere, gauzak ahal diren egokien zuzendu eta ahal bezain pronto ixtearena baizik. Esan bezala ez gara sozietate honen parte, baina hemen sinatzera goazen akordio honek, herritarrentzat onurak ekarriko dituela dirudi eta horrez gain, jokoan diru kopuru handiak zituen, garai haietan sinatu ziren beste akordio batzuei irtenbide egokia emango zaiola. Beraz, eta beti bezala, ondo eginak goraipatzeko inongo lotsarik gabe, baina sozietate honen partaide ez garenez, nagusiki, sortu zutenek dutelako egoera zuzentzeko ardura, bertatik datozen gaiei ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

8.- Galde-erreguak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide