Azkarateko hondakin gunea

Lurzoru urbanizaezinen laugarren aldaketa puntuala arau subsidiarioetan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko uzt. 17a, 10:56

Atzo, osteguna, Lurraldea Batzordean Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) planten gaia zegoen zerrendako puntuetako batean. Gobernuaren idatziari gure taldeak hainbat zuzenketa egin dizkio. Zuzenketa horiek aztertzekotan gelditu dira. 

Dokumentuaren erredakzioa behin betiko onartu aurretik, Azkoitiko Udaleko talde politiko guztiek eta beste hainbat interes taldek eztabaidatu dute lurzoru urbanizaezinetan Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen (EEH) plantei aukera ematea komeni den ala ez. Horrez gain, zabortegien eta hondakin solidoen hondakindegien erabilerari buruz ere eztabaidatu zen.

Ondorioztatu zen lurzoru urbanizaezinetan horrelako erabilerak ahalbidetzea ez dela egokia. Gainera, Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialak (LPS) ezarritako zehaztapenak murriztu ziren.

Lehenengo kasuan (EEH plantak), mota horretako instalazioak nahikoak dira Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Udalerritik hurbilen dagoena Lapatxeko (Azpeitia) zabortegi publikoa da, obra txikietako EEHak biltzen dituena. Azken esaldi hori zuzentzeko eskatu du Azkoitia Bai herri plataformak, eta honako hau erantsi nahi dugu: argi eta garbi azalduta dago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren 2020ko martxoaren 4ko aginduan, eta eztabaida horretan, gainera, herritarren ezezko argia jaso da. 

Bigarren kasuan, (zabortegiak eta hondakin solidoen hondakindegiak) ingurumenerako kaltegarritzat jotzen dira eta hondakinak kudeatzeko politiken aurkakotzat. Bigarren puntu horri honako hau gehitu nahi dio Azkoitia Baik. Azaldutakoagatik, eta sailburuaren aginduan edota herritarren borondatean aldaketarik ez dagoen bitartean, debekatutzat jotzen ditugu Azkoitian Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) guneak kudeatzeko instalazioak, zabortegiak eta hondakin solidoen hondakindegiak.

Beraz, gure taldeak eskatzen du Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) guneak, zabortegiak eta hondakin solidoen hondakindegiak arau subsidiarioen ondorengo eremuetatik debekatzeko:

  • Eremu degradatuak leheneratzeko guneetan (zabortegiak eta hondakin solidoen hondakindegiak). 
  • Basoetan.
  • Mendi malkartsuetan.
  • Balio estrategiko handiko nekazaritza, abeltzaintza eta landazabal guneetan.
  • Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko trantsizioko paisaian.

Egun arau subsidiarioetan debekatuta daude Eraispen eta Eraikin Hondakin plantak eremu degradatuak leheneratzeko guneetan. Baina goian aipatutako gainerako lau guneetan ez daude debekatuta ez Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) guneak ezta zabortegiak eta hondakin solidoen hondakindegiak ere; nahi ez den erabilera bezala daude kalifikatuta. Kasu horietan salbuespen gisa onartzen dira organo eskudunaren txosten batek abalatzen badu ingurumena, nekazaritza edota nekazaritza eta basogintza jarduera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide